Ekonomia -

Zabortegia

Ehunka pertsona atera dira kalera Zaldibarko hondamendia salatzeko eta erantzukizunak eskatzeko

50etik gora kolektibok bat egin dute protesta ekitaldiarekin. Zaldibar Argituk omenaldia egin die zabortegiaren ondoan Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hildako langileei.

Zaldibarko hondamendia salatzeko manifestazioa, bigarren urteurrenean. Argazkia: Efe
Zaldibarko hondamendia salatzeko manifestazioa, bigarren urteurrenean. Argazkia: Efe
Omenaldi hunkitua Sololuzeri eta Beltrani Zaldibarko hondamendiaren 2. urteurrenean

1:31

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak manifestazioa egin dute igande honetan Ermuatik abiatuta Zaldibarko zabortegiraino hondamendiaren bigarren urteurrenaren harira, eta gertatutakoaren inguruan ardura guztiak argitzeko eskatu dute.

50etik gora kolektibok bat egin dute protesta ekitaldiarekin, eta Zaldibar Argituk omenaldia egin die Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hildako langileei, Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketa kritikatzearekin batera.

Gaur bi urte dira Verter Recyclingen zabortegia eraitsi eta Beltran eta Sololuze azpian harrapatu zituela.

Manifestazioa hasi aurretik, Carlos Alonso abokatu eta Zaldibar Argituren, San Lorenzoko (Ermua) Bizilagunen Elkarteko eta Ekologistak Martxaneko bozeramaileak salatu du giza tragedia eta hondamendi naturala gertatu eta bi urtera oraindik "ardurak" eskatzen jarraitzen dutela.

"Zabor eta hondakinen azpian hil ziren langileak oroitzen ditugu bereziki, baina ardurak ere eskatzen ditugu. Ez dugu ahazten, baina etorkizunera begiratzen dugu", ohartarazi du.

Alonsok azpimarratu du tragediak erantzuleak dituela, "ez bakarrik Verter Recycling, lehenengoak diren arren", baizik eta azpiegitura "gainbegiratu eta kontrolatu" behar zutenak, eta "egin ez zutenak".

"Zabortegiaren zaintzan lan egiten zuten beste enpresa batzuk, ingeniariek eta aholkulariek ikusi egin behar zuten azpiegitura eraistear zegoela", kritikatu du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ardura aipatu du "bereziki". "2013tik baimenak eman besterik ez du egin, Zaldibarren lurpera zitekeen kopurua eta hondakin motak ugarituz", gaineratu du.

Horren harira, salatu du Jaurlaritzak ez dituela bete "zaintza eta kontrol lanak".

Zertan da Zaldibarko zabortegiaren hondamendiari buruzko auzia?
Zertan da Zaldibarko zabortegiaren hondamendiari buruzko auzia?
Zertan da Zaldibarko zabortegiaren hondamendiari buruzko auzia?

2:20

Zigor auzibidea itxita dago Verter Recyclingeko hiru arduradunek Fiskaltzarekin eta hildako langileen senideekin akordioa egin ostean. Sei hilabeteko kartzela-zigorra onartu zuten arduragabekeriazko homizidioagatik.

Hala ere, irekita jarraitzen du ingurugiroaren aurkako delituengatik abiatutako prozesu judizialak, eta Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak gertakariaren inguruko informazio gehiago eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Alderdien adierazpenak

Bestalde, EH Bilduk salatu du Zaldibarko zabortegia jausi zenetik bi urte bete diren honetan, "ardura politikoak argitu gabe" jarraitzen dutela. Hala, auzia edonola ixtea ez dutela onartuko ohartarazi dute.

Pilar Garrido Euskadiko Podemoseko koordinatzaile nagusiak kritikatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak bere ardura gain hartu gabe jarraitzen du, Europak kudeaketa negargarria ikertzen duen bitartean".

Carlos Iturgaiz EAEko PPren buruak EAJren kudeaketa salatu du. Horren hitzetan, hondamendiarekin batera "EAJren kudeaketa ona lurpean" geratu zen, "inork autokritikarik egin gabe eta ardura politikorik bere gain hartu gabe".

2020ko otsailaren 6a

2020ko otsailaren 6an, 16:00ak aldera, izan zen luizia Verter Recycling enpresak kudeatzen duen Zaldibarko zabortegian. Milaka tona hondakin behera etorri ziren, eta bertan lanean zeuden bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, azpian harrapatuta geratu ziren. Hainbat hilabetez bila aritu ondoren, abuztuan aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuaren hainbat zati. Beltranen bila jarraitu zuten hainbat hilabetez, baina 2021eko maiatzaren erdialdean bukatutzat eman dituzte lanak, Joaquin Beltranen arrastorik aurkitu gabe.

Aurrekariririk gabeko krisi politikoa eragin zuen luiziak EAEn, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaurre bete-betean. Hondakin industrialak pilatzeko baimena zuen hondakindegiak, baina ezbeharrak agerian utzi zuen, besteak beste, amiantoa material toxikoa zuten hondakinak ere biltegiratu zirela bertan. Gainera, luizia gertatu eta zortzi egunetara, dioxina eta furano maila altuak atzeman zituzten airean, Zaldibarren eta inguruko hainbat herritan.

Berehala hasi ziren herritarrak antolatzen, eta Zaldibar Argitu plataforma jarri zuten martxan. Mobilizazio ugari egin dituzte denbora honetan, Eusko Jaurlaritzari "erantzun argiak" eta "ardurak" eskatzeko. Europako Batzordeak, bere aldetik, ez du Europako arauen urraketarik atzeman Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ermua Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Manifestazioak gaur Zaldibar Ingurumena Kutsadura Mendi-magaletako lur-jausiak