Gizartea -

Maguette MbeugouREN HILKETA

Prozedura judizialek eta sozialek huts egin dutela aitortu dute agintariek

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak prozeduretan akatsak egon direla esan dute, eta doluminak helarazi dizkiete Maguette Mbeugouren familiari.

Bilbon, atzo, egindako protesta. Argazkia: EiTB.
Bilbon, atzo, egindako protesta. Argazkia: EiTB.
Maguetten hilketa Justiziaren 'porrota'tzat jo du Juan Luis Ibarrak

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maguette Mgeugou Bilbon bizi zen emakume senegaldarren hilketa "gizarte osoaren porrota" dela esan du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Horren hitzetan, "sistema guztiek huts egin dute, eta ondorioz, amaiera benetan tragikoa" izan du kasu honek.

Indarkeria matxistari aurre egiteko lanean ari diren eragile guztien arteko koordinazioa areagotu egin behar dela esan du Beltran de Herediak. Gizarte zerbitzuetako langileak, hezkuntza zentroak, epaileak, fiskalak eta polizia aipatu ditu, horien guztien arteko "koordinazioa hobetu" behar dela nabarmenduz. Sailburuak doluminak helarazi dizkie herenegun hil zuten emakumearen senideei eta lagunei.

Beltran de Herediak esan duenez, genero indarkeriarekin lotutako salaketa bat jasotzen dutenean, "arrisku balorazio" bat egin dute, eta horren araberako babesa eskaintzen zaio biktimari.

Era berean, sailburuak argitu du salaketen tramitazioa egiteko ez dela kontuan hartzen biktimak paperak dituen edo ez. "Pertsona guztiei trataera berdina ematen die Ertzaintzak", esan du.

25 urteko emakumea labankadaz hil zuten astelehenean, Bilboko Ollerietagoiena kaleko etxebizitza batean, eta haren senarra atxilotu zuten ordu batzuk geroago Mutrikun, hilketa leporatuta.

'Justiziaren porrota, hizki larriz'

Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea ere ildo beretik mintzatu da. Maguette Mgeugouren hilketagatik "samina" agertu du, eta "Justiziak porrot" egin duela nabarmendu du. "Justiziaren porrota izan da, hizki larriz, gainera", adierazi du.

Hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, Ibarrak esan du, atzo, Bilbon egin zen protesta bilkuran, EAEko botere judizialeko ordezkari modura "sentitzen duen frustrazioa" helarazi ziola Mgeugouren familiari. "Frustrazioa, ez dugulako hilketa hau ekidin, babes funtzioa beteta", gaineratu du.

Ibarrak gogoratu du, Maguette Mbeugouk babesa eskatu ziola Justiziari, baina ez ziotela eman. "Dela dela, hor ezin dugu epaileen hutsegitea ikusi, Justizia sistema osoarena baizik", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Krimenak azken ordukoa EAEko Auzitegi Nagusia hoy