Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Tuteran genero indarkeriagatik
Lekuko batzuek bikotea eztabaida sutsuan ari zela jakinarazitakoan bertaratu ziren agenteek eraso fisikorik ez zegoela ikusi zuten; joan zirenean, ordea, bere onetik atera zen gizona, eta atariko ateko kristala apurtu zuen. Emakumeak berak deitu zion orduan Udaltzaingoari.
Agentziak | Eitb Media
Tuterako Udaltzaingoak genero indarkeriako delitu baten ustezko egilea atxilotu du geltoki intermodalaren inguruan.
Igandeko 06:15 aldera, lekuko batzuek SOS Nafarroa zerbitzura deitu zuten bikote bat eztabaida sutsuan ari zela jakinarazteko. Udaltzaingoaren patruilak bertaratu zirenean, emakumeak esan zien bikote eztabaida bat baino ez zela, baina gizona harro agertu zen eta identifikatzeari uko egin zion, eta, horren aurrean, zigortu egingo zutela esan zioten agenteek.
Eraso fisikorik egon ez zela ziurtatu ostean, agenteak joan egin ziren bikotearen etxetik. Handik ordubetera itzuli ziren, ordea, emakumeak deitu ostean; izan ere, hark kontatu zuenez, gizona bere onetik atera zen polizia bertaratu zelako, eta atariko kristala hautsi zuen. Ospitalean artatu behar izan zuten gero, zauriak sendatzeko.
Udaltzaingoak bizilagunen komunitateko presidenteari eman zion gertatutakoaren berri, eta hark salaketa jarriko zuela jakinarazi zien.
07:30 aldera, txanda amaituta zuen udaltzain batek abisua eman zien lankideei, etxean sartu zenez atxilotu ezin izan zuten gizona trenbide inguruan txakurra paseatzen ikusi baitzuen. Polizia ikustean ihesi atera zen gizona, eta, azkenean, Tuterako geltoki intermodalaren inguruetan hartu zuten atxilo.