Itxi

Mundua

COP26

Krisi klimatikoa da giza osasunarentzat mehatxurik handiena Munduko Medikuak erakundearen arabera

AGENTZIAK | EITB Media

Pariseko Akordioa betetzeko eta klima aldaketari aurre egiteko neurriak gaurkotzeko eskatu die gobernuz kanpoko erakundeak Nazio Batuen Erakundearen klimari buruzko goi-bileran parte hartuko duten estatuei eta eragileei.

  • Kutsadura Moskun

    Kutsadura Moskun. Artxiboko argazkia: EFE

Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, klimari lotutako krisia da giza osasunarentzat mehatxurik handiena eta datu bat eman du. Mundu osoko heriotzen % 23k inguruk ingurumenarekin lotura omen dute. Gauzak horrela, datozen egunetan Glasgow hirian egingo den goi-bileran (COP26) parte hartuko duten estatuei eta eragileei eskatu die Pariseko Akordioa betetzeko eta neurriak hartzeko Lurraren tenperatura 1,5 gradu baino gutxiago berotu dadin.

Javier Ramirez Espainiako Munduko Medikuak erakundeko kideak azaldu duenez, elikagaien eta uraren bitartez geroz eta gaixotasun gehiago transmititzen dira, geroz eta maizago gertatzen diren hondamendi naturalek herritarren bizi kalitatea baldintzatzen dute eta airearen kutsadurak arnasari lotutako osasuna izugarri kaltetzen du.

Krisi klimatikoa ez da modu berean eragiten ari mundu osoan eta herrialde txiroak gehiago kolpatzen ari da. Munduko Medikuak erakundearen esanetan, ingurumenaren hondamendian erantzukizun gutxien duten lurraldeak dira, hain zuzen ere, ondorioak gehien pairatzen ari direnak.

Afrikako Hego Sudan herrialdearen adibidea jarri du. Azken uholdeek malnutrizioa eta gosetea eragin dituzte. Maiatzetik 466.000 pertsonak utzi behar izan dute beren bizilekua eta aurten bakarrik uholdeek beste 650.000 pertsona kaltetuko dituztela kalkulatzen dute.

COP26 klimari buruzko goi-bilera igandean hasiko da Glasgow hirian eta azaroaren 12an amaituko da. Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak klima aldaketari eta osasunari buruzko konferentzian parte hartuko du azaroaren 8an, karbono aztarna murrizteko erakundea egiten ari den ahalegina beste eragile batzuekin partekatzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena