Publizitatea
Itxi

2021/04/12

12:23

Politika

Elkarrizketa

Urkulluk alarma egoera luzatzeko eskatu du eta neurri zorrotzagoak iragarri ditu

EITB MEDIA

Gizartearen "antsietatea, asperdura eta nekea" ulertzen dituen arren, nabarmendu du beharrezkoa dela alarma egoera maiatzaren 9az harago mantentzea.

1:48
Iñigo Urkullu
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Iñigo Urkulluren iritzian, beharrezkoa da alarma egoera bere horretan uztea, egoera epidemiologikoa ikusita eta arazo juridikoak saihesteko. Hala, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak joan den astean iragarritakoarekin kritiko azaldu da lehendakaria. "Nik alarma egoerari eutsiko nioke. Neurri batzuk garatu ahal izateko berme juridikoak behar ditugu maiatzaren 9tik aurrera. Gu saiatuko gara Bizi Berri planaren irizpideak berraztertuta, ahalik eta berme gehien edukitzen", azpimarratu du.

Urkullu Radio Euskadiko "Boulervard" saioan elkarrizketatu dute goizean, Javier Garcia-Ramsdemen gidaritzapean hasitako aro berriaren lehen egunean.

Birusaren hedapena geldiarazteko ezarritako murrizketak are gehiago gogortuko ote dituzten galdetuta, Urkulluk argitu du ez litzatekeela halakorik egin behar zorrotz beteko balira. Horren harira, iragarri du bihar bilduko dela LABI Batzorde Teknikoa, eta horrek Aste Santuari buruz ateratako ondorioen arabera, Aholku Batzordea batzeko aukera mahai gainean egongo dela. "Agian indarrean dauden neurri batzuk orokortu egingo dira, baina lehendabizi adituek diotena entzun nahi dut", erantsi du.

"Bilakaerari begira egon beharko gara, pandemiak luze joko duelako, baina txertoekin argia ikusten ari gara", nabarmendu du.

2021eko uda nolakoa izango den galdetuta, iazkoan baino neurri zorrotzagoak izan beharko ditugula aurreratu du lehendakariak: "Osasun Larrialdiaren baitan izango gara aurten". Izan ere, gogora ekarri du iazko abuztu erdialdean ezarri zutela aparteko egoera hori. Osasun Larrialdia birusaren hedapen komunitarioa saihesteko txertatutako pertsona kopuru nahikoa izan arte mantenduko da, horren hitzetan.

Txertoak hizpide, lehendakariak argitu du Euskadik ez duela Sputnik V errusiarra erosteko asmorik. Gogorarazi duenez, Europako Sendagaien Agentziak ez du oraindik txerto hori baimendu. 

"Badago aukera Euskatelek bere bertokotasuna mantentzeko"

MasMovilek Euskaltel erosteko egindako eskaintza publiko adiskidetsuaz ere mintzatu da Urkullu. Haren ustez, erosketa "aukera" gisa hartu behar da.

Ingurumaria horretan, uste du gogoratu behar dela nola sortu zen euskal telekomunikazio enpresa duela 25 urte: "Tokiko merkatua zen, lehiakide gutxirekin. 25 urte hauetan ikusi beharko genuke zer gertatu den esparru honetan nazioarte mailan. Zentzu horretan, Euskaltel aldatu egin da, momentu oro egokitzen eta berton izaten bere sustraiak, bere erroak".

Aurrerantzean ere, "gutxienez bost urtez", Urkulluk esan du "badagoela aukera Euskaltelek bere garapena egiteko eta bertokotasuna mantentzeko".

Laster egitekoa den espetxeen eskuduntzaren eskualdaketaz galdetuta, lehendakariak aurreratu du aste honen amaieran espero duela iragartzea noiz bilduko den Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren Batzorde Mistoa, transferentzia gauzatu aldera.

Bestalde, asteburuan jakin da Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Subillako (Gasteiz) Armentia-2 putzuan gasa ote dagoen bilatzeari, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak ustiapena debekatzen baitu. Horren inguruan, Urkulluk adierazi du ez duela "zentzurik" gasa esploratzea, gero ustiapena debekatuta egon behar bada. Dena dela, ohartarazi duenez, "Euskadiko Energia Erakundeak eta SHESA hidrokarburoen baltzuak aztertu beharko dute, Espainiako Gobernuarekin batera, zein ondorio ekonomiko ekarri dituen lege horrek".

Futbola eta pandemia

San Mamesen Eurokopako partidak publikoarekin egitea gustatuko litzaiokeen arren, lehendakariak azaldu du "osasun irizpideak" daudela denaren gainetik.

Athleticek eta Bartzelonak larunbatean jokatu behar duten Errege Kopako finala ahotan, eta Realaren kontrako partidaren egunean Bilbon izandako istiluak errepikatu ote daitezkeen galdetuta, lehendakariak espero du apirilaren 3an izandako jarrera "insolidario, arduragabe eta gizalegearen kontrako horiek" berriro ez egotea.

Erredakzioan itzulia

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena