Politika -
Abiadura Handiko Trena
Gertu egon daiteke AHTaren Gasteizko eta Bilboko sarreren inguruko akordioa Madrilen
EAJ eta PSOE bilerak egiten ari dira azken orduetan, bi hiriburuetara trena nola iritsiko den zehazteko. Espainiako Aurrekontu Orokorren negoziazioetan kokatzen dira bilera horiek.
O. P. | Eitb Media
EAJ eta Espainiako Gobernua oso gertu egon daitezke Abiadura Handiko Trena Gasteizera eta Bilbora sartzeko modua zehaztuko duen akordioa erdiestetik.
Jeltzaleen iturrien arabera, negoziazioak ondo doaz eta datozen orduotan irits liteke akordioa. Madrilen dago Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea ere, PSOEko ordezkariekin bileretan, jarrerak gerturatu eta aurrekontuen proiektuari aurkeztutako 40 zuzenketa baino gehiagoren inguruko akordioak lortzeko ahaleginean.
Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak joan den astean adierazi zuen ez zituztela itxitzat ematen 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa emateko negoziazioak, hain zuzen ere, besteak beste, AHTaren sarreren inguruko "zehaztapen" gehiago lortzea espero baitzuen.
Xabier Barandiaran EAJren Euzkadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko arduradunak, bere aldetik, "oso garrantzitsu" jotzen zuen, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, AHTa Bilbon eta Gasteizen lur azpitik sartzeko erabakia finkatzea, horrela negoziazio prozesua "berme esanguratsuekin" itxiko bailitzateke.