EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Apirilak 5
Bihartik asteazkenera bitartean egingo dira hauteskunde mahaiak osatzeko zozketak
Irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein herritar deitu ahal izango dute mahai bateko titular edo ordezko izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Apirilaren 5ean izango diren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hauteskundeetan 2.677 mahai osatuko dira. Hori dela eta, bihar hasi eta asteazkena bitartean egingo dira presidenteak, bokalak eta ordezkoak izendatzeko zozketak.
Zehazki, Udaletan egingo diren zozketa publiko horietan 24.000 pertsona baino gehiago aukeratuko dira, 8.000 titular inguru eta 16.000 bat ordezko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez.
Hala, zozketa bidez aukeratua izanez gero, irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein herritar deitu ahal izango dute mahai bateko titular edo ordezko izateko.
Apirilaren 5eko hauteskundeetan mahai bateko kide izango diren herritarrei zozketa egin eta hiru egunen buruan bidaliko diete jakinarazpena. Halaber, Eusko Jaurlaritzak prestatu eta hauteskunde-administrazioak gainbegiratu duen eskuliburu bat igorriko diete, egun horretako eginkizunei buruzko jarraibideekin.
Hauteskunde hauetan 2.677 mahai egongo dira guztira, presidente batek eta bi bokalek osatuak, 721 hauteslekutan banatuta. Lurraldeka, Araban 426 mahai egongo dira (99 bozkaleku), Bizkaian 1.400 (339) eta Gipuzkoan 851 (283).
2016ko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, 2.593 mahai egon ziren; hau da, aurten 84 mahai gehiago egongo dira, eta, ondorioz, 756 pertsona gehiago deituko dituzte mahaietako kide izateko.
Mahai bateko presidente, bokal edo ordezko izendatuz gero, derrigorrezkoa izango da hauteskunde egunean bertan izatea.
Izan ere, arrazoirik gabe bertaratzen ez denari zigor administratiboa, isuna nahiz urtebete arteko espetxealdia ezar diezaiokete, Segurtasun Sailak gogora ekarri duenez. Dena dela, Hauteskundeen Legeak mahaiko kide izateari uko egiteko salbuespen batzuk aurreikusten ditu, hala nola, gaixorik edo ospitaleratuta egotea eta sei hilabete baino gehiagoko haurdunaldian egotea, besteak beste.
Jakinarazpena jaso ondoren, hautatutako pertsonek betebehar horri uko egiteko arrazoiak aurkeztu ahalko dituzte hurrengo zazpi egunetan. Eskualdeko Hauteskunde Batzordean ere eskaera egin ahal izango dute.