Hauteskunde Orokorrak -

Kanpainaren hasiera

Euskal alderdiak boto-emaileak mobilizatzeko ahaleginean, kanpainaren hasieran

Ezkerra-eskuina ardatzean jarri dute arreta kanpainaren hasiera ekitaldietan, eta ekainean lortutako emaitzak berdintzeko edo hobetzeko asmoarekin.

Kanpainaren hasiera EAEn. eitb.eus-en argazki muntaia.
Kanpainaren hasiera EAEn.
Kanpainaren hasiera EAEn. eitb.eus-en argazki muntaia.

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da azaroaren 10eko hauteskunde orokorren kanpaina, azken zazpi hilabeteotan dugun hirugarrena. 2015etik laugarren boz orokorrak izango ditugu. Hauteskundeen errepikapenak herritarren artean sor dezakeen nekea ez ezik, 'proces' auziko epai gogorrak eragindako lurrikara politikoa ere izango ditu ezaugarri kanpainak. Hala, boto-emaileak aktibatzea (EiTB Focus inkestaren arabera, herritarren % 22,6 duda-mudan daude) eta Kataluniaren auziaren aurrean jarrera hartzea izango dute helburu alderdiek.

Euskal Autonomia Erkidegoan, inkestek aurreikusitako emaitza onekin gogotsu abiatu dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. EiTB Focusek 6-7 eserleku aurreikusi zizkien jeltzaleei, eta CISen arabera, bosgarren diputatua ere lor lezake koalizio abertzaleak; sozialistek apirileko emaitzei eutsiko liekete, bi inkeston arabera. Elkarrekin Podemosek, bestalde, Mas Pais izango du lehiakide Bizkaian, eta horrek eserleku bat galarazi diezaioke lurralde horretan. EAEko Alderdi Popularra Pablo Casadoren alderdiari inkestek iragarritako igoerari atarramendua ateratzen saiatuko da, A28an Araban galdutako diputatua berreskuratzeko.

EAJ

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du ulertzekoa dela herritarrak haserre egotea "egoera politikogatik eta hauteskundeak errepikatu direlako", baina haserre horren kontrako "erremediorik" onena EAJ bozkatzea dela azpimarratu du, "eta ez abstentziora jotzea".

EAJk Gasteizen egin du hauteskunde kanpainaren hasierako ekitaldi politikoa. EAJko hautagaiek Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Andoni Ortuzarren babesa izan dute. Beste hainbat kargu jeltzale ere izan dira bertan.

EAJren helburua apirilean lortutako sei ordezkariei eustea izango da.

Testuinguru politiko ezegonkorraren egoera Espainiako alderdi ezkertiarrena dela esan du Ortuzarrek, presidente bat aukeratzeko eta gobernua osatzeko gai izan ez direlako, "eta orain ardura herritarren gainean utzi dute", kritikatu du.

Gasteizen hasi du hauteskunde kanpaina EAJ-k
Gasteizen hasi du hauteskunde kanpaina EAJ-k
Gasteizen hasi du hauteskunde kanpaina EAJ-k

1:11

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak esan du ezkertiarren "zatiketek" eta nazionalismoek ez dituztela azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak irabaziko. Ohartarazi du PSOE dela eskuindarrak "gelditzeko" aukera bakarra, eta eskuindarrek aginduz gero, Espainiak Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin duen "arrakala handitu" egingo dela eta askatasunak "murriztu" egingo dituztela.

Mendia Gasteizen izan da, PSOEren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuekin batera, hauteskunde kanpainaren hasiera ekitaldian, eta Pedro Sanchez jarduneko presidente eta hautagaia babestu du "aurrerakuntza, egonkortasun eta koherentzia" berme gisa.

PSE-EEren buruak azpimarratu du Sanchez "garai korapilatsuetan neurritsua" izan dela, eta datorren Gobernua sozialista ez bada, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako "eskuindarra" izango dela.

Mendiak esan du PSOEren hautagaiek "banderak eta sentimenduak astindu" eta "eskubideak eta askatasunak murriztu" nahi dituztenei aurre egingo dietela.

Euskadiko sozialistak Gasteizko Ayala Kantziler hotelean bildu dira kanpaina hasteko
Euskadiko sozialistak Gasteizko Ayala Kantziler hotelean bildu dira kanpaina hasteko
Euskadiko sozialistak Gasteizko Ayala Kantziler hotelean bildu dira kanpaina hasteko

1:06

Elkarrekin Podemos

Lander Martinez Podemos Euskadiren idazkari nagusiak uste du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen "porrot politikoa" izan dela elkarrizketari uko egitea Kataluniako krisia konpontzeko, eta "eskuindarren diskurtsoa kopiatzera" mugatu dela salatu du.

"Egunero ikusten dugu lurralde krisia bide demokratikoetatik eta elkarrizketarekin konpontzeko borondaterik ez dagoela", kritikatu du Martinezek Elkarrekin Podemosen hauteskunde orokorretarako kanpainaren hasiera ekitaldian, Gasteizen.

"Kataluniarentzako errezeta 155. artikulua, Segurtasun Nazionalerako legea eta poliziaren indarkeria direnean, demokraziaren porrota da lehenik, baina baita Pedro Sanchezena ere", azpimarratu du.

Espainiako Estatua "atzeraldi demokratikoan" dagoela eta eskubideak eta askatasunak murrizten, eta protestak, adierazpen askatasuna eta manifestazioak kriminalizatzen ari direla ohartarazi du.

Elkarrekin Podemosek Gasteizen ekin dio 'nahi ez zuten kanpaina'ri
Elkarrekin Podemosek Gasteizen ekin dio 'nahi ez zuten kanpaina'ri
Elkarrekin Podemosek Gasteizen ekin dio 'nahi ez zuten kanpaina'ri

0:57

EH Bildu

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaileak esan du euskal herritarrek bozkatzeko eta etorkizuna "libre eta demokratikoki" erabakitzeko "baldintzak" sortuko dituztela.

EH Bilduk hauteskunde orokorren kanpainari hasiera emateko ekitaldian egin ditu adierazpenok, Donostiako Tabakaleran, eta alboan izan ditu Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburua eta gainerako hautagaiak.

Otegik independentistei esan die ez daitezela "erratu", Estatua horiei aurre egiteko "prestatzen eta estrategia antolatzen" ari delako. Bere esanetan, estrategia horrekin "langileak azpiratu" nahi dituzte, "atzeraldi ekonomiko garai berri batengatik" egingo dituzten "murrizketa berriak” ezarrita.

EH Bilduk Donostiako Tabakaleran eman dio hasiera kanpainari
EH Bilduk Donostiako Tabakaleran eman dio hasiera kanpainari
EH Bilduk Donostiako Tabakaleran eman dio hasiera kanpainari

1:05

PP

Joan den apirilaren 28an galdu zituen bi eserlekuak berreskuratzea izango da Euskadiko PPren erronka nagusia azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan.

Hala adierazi du Alfonso Alonso presidenteak, eta hauteskundeen errepikapena PPrentzat galdutako tokia berreskuratzeko bigarren aukera dela eta hori "aprobetxatu" egin behar dela azpimarratu du.

PPk Bilbon eman dio hasiera hauteskunde kanpainari
PPk Bilbon eman dio hasiera hauteskunde kanpainari
PPk Bilbon eman dio hasiera hauteskunde kanpainari

0:52

Kontsulta itzazu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika EAJ-PNV PSOE PP Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Vox Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Hauteskunde inkestak Senatua Más País