Udal eta foru hauteskundeak -
M26
Hauteskunde kanpaina A28ko emaitzen eraginpean abiatuko dute gaur alderdiek
EAJ, EH Bildu eta PSE-EE indartuta datoz bozetatik. PPk, aldiz, emaitzei buelta emateko asmoarekin. Elkarrekin Podemosek A28ko babesari eutsi nahiko lioke. Nafarroan, bestalde, gobernua dago jokoan.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Apirilaren 28an hauteskunde orokorrak egin zirenetik dozena bat egun pasatu direnean, gaur gauerdian ekingo diote alderdi politikoek beste hauteskunde kanpaina bati. Maiatzaren 26an udal, foru eta Europako hauteskundeak izango dira, eta, legeak zehazten duenez, 15 egun lehenago abiatuko da kanpaina.
A28ko bozen emaitzek zuzenean eragingo diote kanpaina honi, eta alderdi bakoitzak nolako indarrarekin ekiten dion izango da horren isla.
EAJk irabazi zituen hauteskundeak EAEn orain 12 egun, Estatuan boto erabilgarria mehatxu zen unean. Hain zuzen ere, bultzada horrekin helduko diote jeltzaleek kanpainari. Gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan eta hiru hiriburuetan duen aginteari eustea du helburu EAJk, eta Arabako kasuan "gehiengo lasaiagoak" lortzea, ahal bada. Gipuzkoan "lehia estua" aurreikusi du Markel Olano ahaldun nagusirako hautagaiak: "Lehia estua izango dugu Ezker abertzalearen eta EAJren artean, auzoz auzo, herriz herri, bailaraz bailara eta lurralde osoan".
Kanpaina hasierako ekitaldiak hiru hiriburuetan aldi berean abiatuko dituzte jeltzaleek, 21:00etan. Besteak beste, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Izaskun Bilbao Europako hautagaia, Markel Olano bera eta Eneko Goia alkategaia izango dira Donostiakoan.
EH Bildu bera ere hazita dator apirilaren 28ko hauteskundeetatik, Kongresuko ordezkaritza bikoizteak indartu egin baitu. Gipuzkoan alkatetzak edota Aldundia bera berreskuratzea jomugan jarrita dituzte, baita Gasteizko alkatetza ere. Bestalde, inkestek zailago jartzen dioten plazan, Bilbon, izango da hautagai Jone Goirizelaia buruzagi historikoa. Goirizelaiaren esanetan, "herritar guztiak ondo bizitzeko Bilbo bat eraiki behar da orain".
Elkarrekin Podemos izen horrekin aurkeztuko da lehenengoz udal hauteskundeetara; Batzar Nagusietara, bigarrenez. Alderdi moreko arduradunek esan dutenez, batez beste botoen % 18 lortzea, hau da, A28ko babesei eustea, "emaitza ona" litzateke. Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusi eta Legebiltzarrean Elkarrekin Podemosek duen bozeramailearen hitzetan, "duela bi aste gure alde bozkatu zutenei eskatu behar diegu berriro gugan konfiantza izatea".
Alderdi moreak Gasteizen abiatuko du kanpaina, 19:00etan. Bertan izango dira Lander Martinez bera, eta alkategaia eta ahaldun nagusirako hautagaiak; Fernando Lopez Castillo, Arantxa Abecia, Ana Viñals, Eneritz de Madariaga, Isabel Salud, Oscar Fernandez eta Jose Damian Garcia-Moreno, besteak beste.
Udal eta foru erakundeetan EAJren eskutik egin du legealdia PSE-EEk. "Transbertsaltzat" duen itun horri eustearen aldekoak dira sozialistak, historikoki eurenak izan diren udaletan, Barakaldon edota Errenterian adibidez, eurek gidaritza hartuta. "A28an lortutako garaipena eta eskuratutako konfiantza berresteko balio behar dute hauteskunde hauek", nabarmendu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Horrela, 'Sanchez efektuak' lagunduko dion itxaropenez, Fernando Grande-Marlaska eta Maria Jesus Montero ministroak EAEra etortzekoak dira, kanpaina ekitaldietara.
Gaurko ekitaldi nagusia Bilboko Bizkaia Arenan egingo dute sozialistek, 20:00etan. Hauek arituko dira bertan: Idoia Mendia idazkari nagusia bera, Alfonso Gil Bilboko alkategaia, Teresa Laespada Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia eta Eider Gardiazabal europarlamentari eta hautagaia.
Beste alderdiek ez bezala, PPk apirilaren 28ko emaitzak ahaztu eta horiei buelta emateko asmoz ekingo dio kanpainari. Euskadiko popularrak diskurtso propioa berreskuratzen saiatuko dira, eta PP "zentroan" dagoela azpimarratuko dute.
Hiriburuetan egingo du PPk ahalegin berezia. Kanpaina, esaterako, Bilbon abiatuko dute, 20:00etan. Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentea, Amaya Fernandez idazkari nagusi eta Bizkaiko Aldundirako zerrendaburua eta Raquel Gonzalez Bilboko alkategaia espero dituzte bertan.
Nafarroan, gobernua jokoan
Foru Erkidegoan aldaketa politikoaren osasuna neurtuko dute maiatzaren 26an. Izan ere, udaletarako ez ezik, Parlamentuaren osaera erabakitzeko hauteskunde kanpaina ere hasiko dute gauerdian. Nafarroako Gobernuan nork aginduko duen argituko duten hauteskundeak, azken finean.
Uxue Barkos Nafarroako jarduneko lehendakari eta Geroa Baiko zerrendaburua lauko gobernuaren formula errepikatzearen alde agertu da. "Gure asmoa da bide horretan jarraitzea. Alderdi Sozialistak bat egin nahi badu laukoaren estrategiarekin, betorik ez, azken lau urteotan Nafarroan izan dugun egonkortasun politikoa mantentzeko", esan zuen Barkosek duela egun batzuk azken lau urteotako balantzea egiteko ekitaldian. Kanpaina 19:00etan hasiko du Geroa Baik, Iruñean.
Navarra Suma koalizioa (UPN, PPN eta Ciudadanos) aurrez aurre izango du Geroa Baik. Javier Esparza zerrendaburuaren arabera, aldaketaren atzean "nazionalismoa eta anexionismoa" dago, eta horren kontra borrokatuko da koalizioa. Horren hitzetan, "erkidego honek duen estatusa defendatuko dugu, Nafarroak erkidego izaten jarrai dezan, EAEtik bereizita".
Kanpainako ekitaldi nagusia Iruñeko Foruen plazan egingo du Navarra Sumak, 19:00etan, hautagai nagusiak bertan direla.
PSNk foru hauteskundeetan lor dezakeen babesa giltzarri izan daiteke, eta horren jakitun da Maria Chivite presidentegaia. Buruzagi sozialistak "gobernu aurrerakoi" baten buru izan nahi du. "Ez dugu Esparza presidente egingo. Guk gobernu aurrerakoi bat osatu nahi dugu foru erkidegoan", esan du Chivitek. Jarraitzaile sozialistek 20:00etan izango dute hitzordua gaur, Baluarten. Hantxe izango da Chivite hautagaia.
EH Bilduk, berriz, "aldaketa politikoa indartu" eta "laukoari eutsi" beste biderik ez du ikusten, eta horretan lidergoa aldarrikatu du Barkartxo Ruiz presidentegaiak. Horren esanetan, "prest gaude aldaketa politikorako lidergoa hartzeko, beste batzuekin batera".
M26ko bozak Nafarroan duten garrantziaren jakitun, koalizio abertzaleak Iruñean egingo du kanpaina hasierako ekitaldi nagusia. 20:00etan abiatuta, Barkatxo Ruizen eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaiaren hitzaldiak izango dira San Frantzisko plazan.
Podemos eta Izquierda-Ezkerra (I-E) alderdien helburua ere aldaketa politikoa berrestea da, baina aldaketa hori "ezkerretik eta gizarte politiken bitartez" sendotzearen alde egin dute biek ala biek, barne zatiketarik gabe. Mikel Buil Podemoseko zerrendaburuak 20:00etan du ekitaldi nagusia, Iruñean, eta Marisa de Simón I-Eko hautagaiak, 19:30ean.
Europako hauteskundeak, itzalean geratzearen arriskua
Maiatzaren 26an Europako Parlamenturako bozak ere izango dira, eta hitzordua bigarren maila batean ez geratzeko ahalegina egingo dute hautagaiek.
EAJ eta EH Bildu, berbarako, Estatuko beste alderdi batzuekin koalizioan aurkeztuko dira. Jeltzaleak eta Geroa Bai CEUS koalizioaren baitan izango dira, beste lau indarrekin batera. Izaskun Bilbao zerrendaburuak adostutako erreferendumak egiteko Argitasun Zuzentaraua proposatu nahi du, eta euskal erakundeek ahots propioz jardutea.
EH Bildu Orain Errepublikak izeneko koalizioaren baitan aurkeztuko da, Oriol Junqueras ERCko presidentea zerrendaburu dela. Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagi historikoa izango da zerrenda horretan bigarrena.
Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP alderdien hautagaiak, aldiz, alderdi horien Estatuko zerrendetan aurkeztuko dira. Hala nola, Idoia Villanueva nafarra eta Iñigo Martinez bizkaitarra Unidas Podemosen hautagaitzan joango dira; Eider Gardiazabal, bestalde, PSOEren zerrendan zazpigarren izango da. PPren kasuan, berriz, Carlos Iturgaizek uko egin zion zerrendan joateari, eta Zoe Nubla izango da Euskadiko PPren ordezkari bakarra, 18. postuan.