Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Iruñea iraunkorra, barneratzailea eta atsegina nahi dute alkategaiek
Iruñea berdea, iraunkorra, barneratzailea, parekidea eta atsegina dira Alkatetza lortu nahi duten hautagaien erronka nagusietako batzuk.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñea berdea, iraunkorra, barneratzailea, parekidea eta atsegina dira Alkatetza lortu nahi duten hautagaien erronka nagusietako batzuk, Efe albiste-agentziari eskainitako elkarrizketetan azaldu dutenez, baina bakoitzak bere ikuspuntua ematen dio alor bakoitzari.
Enrique Maya Navarra Sumaren hautagaiak esna du Iruñean "enpleguaz, civivox berriez, haur-eskolez edo ongi eginiko peatonalizazioez" hitz egin beharra dagoela, eta horregatik lehentasuna Udalak "benetan garrantzitsuak diren gaiez" arduratzea dela, "nazionalisten obsesio diren banderak eta gaztetxeak atzean utzita".
"Lau urtez erabateko geldialdian bizi izan gara, Pio XIII.eko lardaskeriaz eta erdiguneko zirkulazio aldaketez gain, ez da ezer egin, eta iritsi da galdutako denbora berreskuratzeko garaia. Horretarako, 330 proposamen jasotzen dituen programa zehatza prestatu dugu", azpimarratu du hautagaiak.
Horrek esandakoaren erabat kontrako ikuspegia izan du Joseba Asiron alkate eta EH Bilduren alkategaiak, hiri anitzaren alde egin baitu "iruindar sentitzeko modu desberdinak daudelako" eta "denak direlako interesgarriak, guztiak direlako gureak eta denek ematen digutelako zerbait".
Horregatik, "gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde, iragana oroitzen baina aurrera begiratzen duen hiri baten alde, munduan egoteko modu iraunkorragoaren alde egiten duen hiri baten alde" lan egiten jarraituko duela hitzeman du.
Itziar Gomez Geroa Bairen hautagaiak hiria "Europako hiri iraunkor, berritzaile, inteligente eta gizatiarrenen bidean" jarri nahi du.
Maite Esporrin PSNren hautagaiak uste du "hiriaren benetako arazoei" egin behar zaiela aurre, eta, horren harira, "politika nazionalisten legegintzaldia atzean utzi eta aurrerapenak egiteko garaia" dela esan du.
Andoni Romeo Aranzadi-Equoko alkategaiaren arabera, lehentasuna "hiriaren arazo larrienari aurre egitea da, alokairuaren prezio igoera neurrigabeari, alegia". Hori dela eta, "alokairuaren burbuila zulatzea eta etxebizitzarako eskubidea bermatzea" jarri ditu helburu.
Edurne Egino Ezkerraren alkategaiaren lehentasunen artean ere etxebizitzarako eskubidea dago, eta horretarako udal etxebizitza guztiak birgaitzea proposatu du, autobus geltoki zaharrekoak barne, eta etxebizitza hutsaren zerga ezarri alokairu sozialerako jarri nahi ez dutenei.