Gizartea -

KORONABIRUSA

Egoerak okerrera egin du Euskadin eta 817 positibo zenbatu dituzte

Positibo tasa % 5,2tik % 6,7ra igo da eta ospitaleko presioa 400 ospitaleratutakotik gorakoa da. Intzidentzia metatua 326,77 kasutan kokatzen da.

Taxagorritxuko ospitalea. Argazkia: EFE.
Taxagorritxuko ospitalea
Kasuak eta intzidentzia tasa izugarri igo dira Euskadin

1:31

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren kasu berriek gorakada nabarmena izan zuten atzo Euskadin: pandemiaren bilakaera aztertzen duten adierazle guztiek okerrera egin dute azken orduetan, 817 kasu positibo berri (257 gehiago) atzeman baitituzte, azaroaren 20tik izandako kopururik handiena.

Bilakaera negatiboa izan dute bai positiboen tasak (igandeko % 5,2tik asteleheneko % 6,7ra), bai 14 eguneko epean metatutako intzidentziak (305,4 kasu izatetik 326,77 izatera), bai ospitaleratuta dauden pazienteen kopuruak (420 zenbatu dituzte, bezperan baino 10 gehiago).

R0 indizeak ere (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) gora egiten jarraitzen du, eta 1,25ean dago, igandeko 1,21aren aurrean.
Osasun Sailak asteleheneko datuekin eguneratu du buletin epidemiologikoa, Eusko Jaurlaritzak onartutako murrizketa berriak indarrean sartzeko ordu gutxi falta direnean, asteazken honetako 00:00etan abiatuko baitituzte; besteak beste, lurralde historikoen eta udalerrien konfinamendu perimetrala ezarriko dute, 14 egunean 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrietan.

Astelehenean, 12.238 proba diagnostiko egin zituzten (igandean baino 1.478 gehiago), 8.949 PCR proba eta 3.289 antigeno test, Eusko Jaurlaritzak astearte honetan eman dituen datu epidemiologikoen arabera.

Positibo berri gehienak (492, igandean baino 170 gehiago) Bizkaian erregistratu dituzte, 219 (aurreko egunean baino 53 gehiago) erregistratu dituzte Gipuzkoan, eta 92 (igandean 67 izan ziren), berriz, Araban. Gainera, 14 kasu atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, bezperan baino bederatzi gehiago.

Hamar udalerri daude eremu gorrian Euskal Autonomia Erkidegoan, covid-19ak Euskadin herriz herri izandako eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Azken orduetan, okerrera egin du egoerak Muskizen, hein handi batean Marcelo Gangoiti adinekoen egoitzan atzemandako agerraldia dela eta, eta udalerri gorri izatera igaro da astearte honetan.

Muskiz gain, Agurain (Araba), Amorebieta-Etxano, Bermeo eta Lekeitio (Bizkaia) eta Beasain, Zumaia, Andoain, Villabona eta Lazkao (Gipuzkoa) daude eremu gorrian.

Beste datu negatibo bat ospitaleetako presioarena da: 420 paziente daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino hamar gehiago). Horietatik 75 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (bezperan baino bat gutxiago), baina gela arruntetan 345 daude (igandean baino 45 gehiago).

Jonan Fernandez LABIren Batzorde Teknikoko koordinatzailearen hitzetan, "zalantzarik gabe Eguberrietako eragina nabaritzen ari gara egun hauetan, baina ez hori bakarrik, faktore gehiago daude kontuan hartu behar direnak". Izan ere, argitu du Gabonak baino lehen beste erkidego batzuetan goranzko joera hori bazetorrela ikusi zutela, eta, ondorioz, "hipotesiekin jokatu behar dugu", esan du. "Ez da horren erraza arrazoiak zehaztea", erantsi du. Horren ildoan, Erresuma Batuko aldaera horrek gurean zenbaterainoko eragina duen ere zehazteke dagoela adierazi du.

Nafarroan

Asteko lehen laneguneko datuek gorakada ekarri dute Nafarroako positibo berrien kopuruan. Izan ere, astelehen honetan 162 positibo zenbatu dituzte, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera. Positibotasun tasa % 8,4koa izan da, bezperan baino ia puntu eta erdi txikiagoa.

Espainian

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak ohartarazi duenez, urtarrila "hilabete zaila" izaten ari da, eta izango da, baina berriro baztertu du martxoan ezarritako etxeko konfinamendua ezartzeko beharra.

Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Illak berretsi du covid-19aren pandemiaren bilakaera "oso kezkagarria" dela Espainian; izan ere, azken 14 egunetan pilatutako eragina 435,62 kasu izan dira 100.000 biztanleko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak LABI bilera gaur