Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Zalantzan daudenak jomuga, kanpainaren azken ordu hauetan

Kanpaina bukatutzat emango dute gaur alderdiek, hainbat ekitaldirekin. Hemen duzu hamabost egun hauek utzi digutenaren laburpena.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde kanpainak azken orduak bizi ditu. Bi aste hauetan nonahi izan ditugu ekitaldi politikoak eta mitinak, baina gaur gauean bukatutzat emango dute alderdiek 2015eko udal eta foru hauteskundeen kanpaina. Azken txanpa honetan, zalantzan daudenak dituzte jomuga, bereziki Araban eta Gipuzkoan.

Nafarroan egon daitekeen biraketa politikoa, EH Bilduren eta EAJren arteko lehia Gipuzkoan, eta Araban eman daitekeen aldaketa izan dira 2015eko hauteskunde kanpaina honetako ildo nagusiak.

 

Araban eta Gipuzkoan, hauteskunde lehiarik handiena

Kanpainaren hasieran, ekonomia eta ustelkeria izan zituzten hizpide EAEn, eta EAJren azken urteotako kudeaketarekin batera.

Bosgarren egunerako, baina, hauteskunde osteko itunak agertu ziren kanpainan, tartean PPren eta PSE-EEren arteko ika-mikarekin.

Hurrengo egunetan, elkarren arteko hizka-mizkari eutsi zioten alderdiek, kasu honetan EAJren eta EH Bilduren artean, Gipuzkoan. Araban, berriz, PPren eta PSE-EEren artean izan ziren kritikak.

Hala, EAJk eta EH Bilduk elkar kritikatu zuten kanpainaren azken igandean, eta Gipuzkoan gobernatzeko 'lehia' kanpainako gai nagusi egin zuten biharamunean.

ETA, presoak eta Gasteizko 'herri-harresia'-ren inguruek lekua izan dute kanpainan eta, azken egunetan, berriz, adinekoak, gardentasuna eta berdintasuna izan dituzte hizpide.

 

'Aldaketa', hitzik erabiliena Nafarroako kanpainan

Hauteskunde hauek historikoak izan direla aintzat hartuta ekin zioten kanpainari Nafarroan. Galdera argia da: Gobernuaren kolorea aldatu egingo al da Nafarroan, ala UPNk eutsi egingo dio? Kanpainaren bukaerara helduta, badakigu fragmentazioa handia izan daitekeela Nafarroako Parlamentuan.

Dagoeneko alderdiek aurreratu dute zeintzuk diren 'marra gorriak' akordioen esparruan: UPNk esan du jada baztertzen duela akordiorik lortzea Nafarroako estatus politiko eta instituzionala errespetatzen ez dutenekin: EH Bilduk ez du itunik egingo UPN, PSN eta PPrekin, ''erregimena''ren parte direla argudiatuta. PSNk, bestalde, jada baztertu ditu UPN, PP eta EH Bildu.

Balizko akordio horiez gain, beste hainbat gai izan dituzte kanpainan erdigune: 'Krisiaren kontrako formulak', autogobernua, CAN auzia, eta 'PAH konpromisoa', besteak beste.

Kanpainaren itxiera ekitaldiak

EAE

EAJk Bilbo aukeratu du kanpainari amaiera jartzeko. Casillan egingo du mitina, 20:00etan, Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Bilbo, Gasteiz, Donostia, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hautagaiekin.

EH Bilduk Gasteizen egingo du azken ekitaldia, 20:30ean. Hasier Arraiz eta EH Bildu koalizioaren Araba eta Gasteizko hautagaiek hitz egingo dute bertan.

Idoia Mendiak emango dio amaiera PSE-EEren kanpainari. Donostiako Cervantes Plazan egingo dute mitina, 18:30ean. Mendiarekin batera, Denis Itxaso eta Ernesto Gasco Gipuzkoako hautagaiak izango dira.

Ohi den bezala, PPk Gasteizen egingo du azken ekitaldia. Arantza Quiroga presidentea, Alfonso Alonso ministroa eta Javier de Andres eta Javier Maroto hautagaiak igoko dira oholtzara.

Ahal Dugu Euskadik Donostiako Boulevard Zumardian egingo du bere azken mitina, 19:00etan. Roberto Uriarte eta Gipuzkoako hautagaiak izango dira bertan.

Udalberrik ekitaldi ?deigarria? egingo du Bilbon, goizean. Udaletxe berri bat eraikitzeko lanak antzeztuko ditu.

Arratsaldean, 18:00etan, Irabazik Barakaldon egingo du azken mitina.

Azkenik, UPyDk Donostian itxiko du kanpaina, 19:00etan.

NAFARROA

Nafarroan, alderdi gehienek Iruñea aukeratu dute kanpainari amaiera jartzeko.

UPNk bi ekitaldi egingo ditu bihar: goizean, 10:30etan, Javier Esparza hautagaiak balantzea egingo du. Arratsaldean, Tuteran, 20:00etan, Yolanda Barcina UPNko presidentea eta Marivi Castillo alkategaia Esparzarekin izango dira UPNren azken mitinean.

Azken bi asteetan egin duen bezala, Maria Chivitek (PSN) mitin azkar bat egingo du goizean, eguneko mezuarekin. 21:00etan, berriz, Cintruenigon izango da.

EH Bilduk Iruñean egingo du bere azken ekitaldia, Labrit Frontoian. Bertan Adolfo Araiz zerrendaburua eta gainerako hautagaiak izango dira.

PPNk Iruñeko egoitzan egingo du kanpainaren balantzea, 20:00etan.

San Frantzisko Plaza aukeratu du Izquierda-Ezkerrak ?festa-ekitaldi? bat egiteko. 19:00etan hasiko da.

Geroa Baik Udaletxe aurrean jarriko dio amaiera kanpainari. 19:00etan hasiko da hitzaldia, eta Uxue Barkos eta Itziar Gomez hautagaiek hitz egingo dute.

Ahal Duguk bere egoitzan hasiko du arratsaldea: 18:00etan, balantzea egin ondoren, bizikletaz joango dira Iruñetik.

UPyDk ere bere egoitzan emango du azken mezua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Nafarroako Hauteskundeei buruzko albisteak