Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Argi laranja Ermua eta Legazpin, horia Usurbilen eta gorria gainerakoetan
Lazkao gorrira pasa da, kolore horretan daude EAEko udalerri guztiak hiru izan ezik: Ermua eta Legazpi, horitik laranjara pasa direnak, eta Usurbil, horian mantentzen dena.
Olatz Prat | EITB MEDIA
EAE osoan udalerri handietako hiru baino ez daude eremu gorritik kanpo, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera.
Lazkaon okerrera egin dute datuek eta gorrian jarri da. Txarrera egin du egoerak Ermuan eta Legazpin ere eta horitik laranjara pasa dira. Usurbil da gune horian irauten duen udalerri bakarra. EAEko 14 eguneko intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 808 kasukoa da.
Arabak (635 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburua ere. Era berean, 5.000 biztanletik gora dituzten Arabako beste hiru herriak (Agurain, Amurrio eta Laudio) ere gorrian daude.
Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu laranjan, horian edo berdean Araban.
Bizkaia ere (807 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, Bilbo tartean; izan ere, semaforoa gorri dago 5.000 biztanletik gorako herri guztietan, Ermuan izan ezik. Ermuak, une honetan, 349 kasuko intzidentzia metatua du (24 kasu positibo zenbatu dira azken hiru egunetan), eta laranjan sartu da, eta gune gorrian sartzetik gertu egon liteke.
Ez dago udalerririk eremu horian edo berdean.
Gipuzkoa (824 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, eta eremu latzenean daude oraindik hauek: Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga, eta gaurtik baita Lazkao ere. Izan ere, 5 positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan, eta horrekin, 14 eguneko intzidentzia metatua 400 gorakoa izatea ekarri du, kolorez aldaraziz, beraz.
Legazpik ere okerrera egin du, eta horitik laranjara aldatu da: zortzi positibo zenbatu dira han hiru egunetan, eta 368ko intzidentzia du. Usurbilek, oraingoz, eremu horian eusten dio, horiz dagoen EAEko udalerri bakarra da.
Horrenbestez, ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.