Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Ermua eta Legazpi eremu gorrira igaro dira
Lazkaok, berriz, eremu latzenetik irtetea lortu du eta laranjan dago gaurtik aurrera semaforoa. Arabako eta Bizkaiko udalerri guztiak gorri daude.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Ermuak eta Legazpik ez diote laranjari eustea lortu, eta gorri jarri da semaforoa bi udalerri horietan, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Lazkaok, berriz, datuak hobetu ditu eta gorritik laranjara igaro da. Bizkaian eta Araban udalerri guztiak daude eremu gorrian.
Arabak (655 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Arabako beste hiru udalerriek ere (Agurain, Amurrio eta Laudio).
Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu laranjan, horian edo berdean Araban.
Bizkaia ere (875 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, Bilbo tartean. Gainera, Ermua laranjatik irten eta gorrira igaro da azken orduetan. Beraz, Bizkaiko udalerri guztiak daude gorri kolorez margotuta, eta ez dago herri bakar bat ere eremu laranjan, horian edo berdean.
Gipuzkoa (844 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita hiriburua eta herri ia guztiak: Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga. Azken orduan Legazpi gehitu zaio zerrendari.
Lazkao laranjan dago gaurtik aurrera, egoerak hobera egin eta eremu latzenetik irten ostean, eta, Usurbilek eremu horiari eutsi dio. Horiz dagoen EAEko udalerri bakarra da.
Horrenbestez, ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.