Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Ondarroa eta Agurain gune laranjatik irten dira
Gainera, Lekeitio eta Barakaldo berdez margotu dira azken orduetan, hainbat astez intzidentzia altuarekin egon ostean. Oñatik, berriz, kontrako bidea egin du eta horiz ageri da.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ondarroak eta Agurainek eremu laranja atzean utzi dute gaur, 300eko intzidentzia tasatik behera jaitsita, eta eremu horian daude jada, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera.
Arabak gune berdean jarraitzen du (53 pilatutako kasu), eta eremu berean daude Gasteiz, Laudio eta Amurrio. Gainera, Agurainek hobera egin du, eta 280 punturekin, gune laranja atzean utzi du. Horrenbestez, udalerri horia da gaurtik.
Bizkaiak intzidentzia metatua jaitsi du (51 kasu 100.000 biztanleko). Ondarroak ere intzidentzia jaistea lortu du (291 kasu), eta horiz ageri da, laranja utzita, beste hauekin batera: Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Derio, Durango eta Gorliz.
Eremu berdean ere egon da aldaketarik, Lekeitio eta Barakaldo sartu baitira. Bi horiez gain, honakoek osatzen dute zerrenda: Abanto, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Gueñes, Getxo, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran, Zalla eta Zornotza.
Gipuzkoak horiz jarraitzen du, eta tasa ez da jaitsi, 100.000 biztanleko 69 kasukoa baita.
Lurraldearen kolore berarekin, bestalde, honako udalerri hauek daude: Andoain, Astigarraga, Azpeitia, Donostia, Beasain, Lasarte-Oria, Lazkao, Mutriku, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona eta Zarautz.
Azkoitia, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia, Usurbil, Zumaia eta Zumarraga daude berdean, transmisio "txikiko" eremuan, alegia.
EAEko udalerri handi bakar bat ere ez dago eremu gorrian.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.