Hauteskunde Orokorrak -
Kanpaina
Rubalcaba: 'Podemosek PSOE garaitu nahi du; guk gobernua nahi dugu'
Urkulluk dio EAJren aldeko botoak "Espainiako Gobernua aldatzeko" balio duela; Arraizek esan du "subiranotasunaren bermea" EH Bildu dela; eta PPk adierazi du Podemos dela hauteskundeetako "mehatxua".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Mikel Legarda EAJren Arabako hautagaiak iragarri du bere alderdiak AHT Gasteizen lurperatzeko lanen finantziazioan parte hartzeko exijituko diola Espainiako Gobernuari.
Mikel Legarda eta Almudena Otaola (Senaturako hautagaia) jeltzaleek ekitaldia egin dute Adifen geltokiaren parean, eta azpimarratu dute azpiegitura "iraunkorrak eta modernoak" eraikitzearen aldeko apustua egiten dutela.
Legardaren esanetan, "PPk ahaztu egin ditu Araba eta bere azpiegiturak", eta ohartarazi du ezin direla "trukerako txanpon gisa erabili".
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du EAJren aldeko botoak ?Euskadi Madrilen defendatzeko? eta ?Espainiako Gobernua aldatzeko? balio duela.
Horrez gain, Euskadiri inork ez diola ezer eman adierazi du. ?Hemen ez dago pribilegiorik, hemen eskubideak, legeak eta itunak ditugu, euskal herritar guztion lanari esker?, azpimarratu du.
EAJk Barakaldon egin duen ekitaldian izan da lehendakaria, Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburuarekin batera. Urkulluk gogoratu du EAJ 1918. urtetik dagoela Espainiako Gorteetan, ?atsedenik gabe lanean, beti izan garelako partida jokatzen den lekuan".
"Eta orain partida Madrilen jokatzen da; han izango gara gure herriaren ahotsa eramateko, gure nazioaren interesak defendatzeko?, nabarmendu du lehendakariak.
EH Bildu
Datorren legegintzaldian "Estatuaren terrorismoaren, frankismoaren eta poliziaren indarkeriaren biktima guztien ahotsa izaten jarraitzeko" konpromisoa hartu du EH Bilduk, "bigarren mailako biktimak izan ez daitezen eta eskubide guztiak aitor diezazkieten".
Jon Iñarritu EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak ekitaldia egin du Bilboko Memoria Historikoaren Instutuaren parean, eta Madrilen biktima horien "ahotsa entzun dadin ekimenak, proposamenak eta salaketak aurkezten jarraituko" dutela hitzeman du.
Arzuaga legebiltzarkideak gogorarazi du EH Bilduk 'Bakerako Euskal Bidea' aurkeztu zuela gatazkaren ondorio guztien irtenbide osoa lortzeko, eta lau ataletan banatu zutela: "ETAri armak entregatzeko eskatzea, presoen eta errefuxiatuen itzulera, Euskal Herriaren desmilitarizazioa, eta memoriaren planteamendu osoa, poliedrikoa".
Hasier Arraizek esan du hauteskunde hauetan Podemos ?Espainiaren batasunaren bermatzaile? bezala aurkeztu bada, ?EH Bildu da euskal subiranotasun bermatuko duen bakarra?.
Agurainen Iñaki Antigüedad EH Bilduren Bizkaiko hautagaiarekin batera egindako ekitaldian, Arraiz ziur agertu da abenduaren 20tik aurrera Espainian ez dela ?inolako aldaketarik? emango.
?Estatu espainiarrera aldaketa zetorrela esaten zuten, aldaketa hori Madriletik egingo zutela, Madrileko udaberriarekin dena zela posible, baina orain, udazkenean, ohartu gara eurak direla aldatu direnak eta orain iruzurra egin nahi digute?, azpimarratu du Podemosi aipu eginez.
PSE-EE
Odon Elorza PSOEren Gipuzkoako hautagaiak "boto aurrerakoiak PSOEri ematea" eskatu die herritarrei, "PPri gailentzeko", alderdi hori delako "eskuindarrak geldi ditzakeen" eta "Rajoyren Gobernu arduragabea" kendu dezakeen "bakarra".
Donostiako Talent Housen egindako ekitaldi batean azaldu duenez, "desberdintasunen eta ustelkeriaren aurka borroka egingo duen Gobernu indartsu eta zintzoa" behar da.
"PPri irabazteko, eskuindarrak geldi ditzakeen alderdi bakarrari eman behar zaizkio boto aurrerakoiak, Pedro Sanchezen PSOEri", azpimarratu du.
Alfredo Perez Rubalcaba Alderdi Sozialistaren buruzagi ohiak esan du PSOEren eta Podemosen arteko ezberdintasuna ondokoa dela: ?Alberto Iglesiasen alderdiaren helburua PSOE gainditzea da; guk eskuina garaitu nahi dugu, Gobernua eskuratzeko eta murrizketa politikarekin amaitzeko?.
PSEk Bilbon egindako ekitaldian izan da Rubalcaba, Idoia Mendia eta Patxi Lopez PSEren Bizkaiko hautagaiarekin batera. Hirurek Mariano Rajoyren eta Pedro Sanchezen arteko eztabaida izan dute hizpide.
?Ez dakit zergatik harritzen zareten horrenbeste asteleheneko eztabaidagatik, niri uneoro esan zizkidan gezurrak (2011ko debatean)?, adierazi du Rubalcabak.
Jon Nogales PSE-EEren Arabako hautagaiari elkarrizketa, Egunon Euskadi saioan:
Euskadi Irratiko 'Faktoria'ko hauteskunde kanpainako tartean izan dugu gaur Eneko Andueza, PSEren hautagaia Gipuzkoan Espainiako Kongresurako. Anduezaren hitzetan, Pedro Sanchezek bete betean asmatu zuen Mariano Rajoyri ez zela petrsona garbia esanda, eta alderdi barruan bere lidergoa sendotzeko balio izan dio.
PP
Javier Maroto PPren ordezkariak ohartarazi du EAEn Ciudadanosen aldeko botoa ematea alperrik dela, ez duelako eserlekurik lortuko, eta PSOEren eta Podemosen arteko itunari bide eman besterik egiten ez duelako.
Nagusilan elkarteko ordezkariekin bildu dira gaur, eta ondoren hauteskunde ekitaldi egin dute. Bertan, pentsioak handitzea aldarrikatu dute.
Era berean, gipuzkoarren botoa eskatzeko aprobetxatu dute, Borja Semperrek eserlekurik lortzen ez badu, eta horixe diote inkesta guztiek, eserlekua "Bildurentzat edo Podemosentzat izango delako".
Alfono Alonso PPren Arabako zerrendaburuak esan du Mariano Rajoyk ?pentsioak ordaintzea? bermatuko duela, hauteskunde hauetan asko dagoela jokoan eta ?mehatxua? Podemos dela.
Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian 850 pertsona bildu ditu Alderdi Popularrak.
Alonsok ?ezertarako balio ez duten alderdiei? boto bakar bat ere ez emateko eskatu die herritarrei.
?Hauteskunde hauetan asko dugu jokoan. Aspaldian izandako hauteskunderik garrantzitsuenak dira. Arriskuak ugariak dira. Oso gaizki pasatzeko arriskua dugu. Egoera konpondu dugu. Espainia hondotik atera dugu. Hazten gaude. Gauza oso ongi joateko bidean daude, baina mehatxu bat dugu: atzera egitea?, ohartarazi du Podemosi aipu eginez.
Ahal dugu
Nagua Alba Podemos-Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaburuak esan du Gobernu "arduratsu" batek presoak Euskal Herrira hurbildu beharko lituzkeela, "oso pauso garrantzitsua" delako elkarbizitza eraikitzeko bidean, nahiz eta "ez izan bakarra". Albak Martuteneko espetxearen atarian egin ditu adierazpenok.
Josetxo Arrieta Senaturako hautagaiarekin batera egindako ekitaldian, ETAk indarkeria baztertzea erabaki ostean sortutako alderdi bat lehen aldiz hauteskundeetara aurkezteak duen garrantzia azpimarratu du.
Albaren esanetan, "jaioberri" izateak "aukera" ematen die "Euskadin elkarbizitzarako eragile bihurtzeko garai berri honetan".
"Presoak gerturatzearen alde gaude, familiak zigortzen eta gizarteratzea oztopatzen ari direlako. Horixe esan dute, gainera, Amnistia Internazionalak eta Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan. Bakerantz eta elkarbizitzarantz aurrera egin behar dela planteatzen badugu alderdi guztiok, sakabanaketak oztopatu egiten duela uste dugu", gaineratu du.
Ciudadanos
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ?Espainiaren batasuna eta berdintasuna? aldarrikatu ditu Bilbon egindako ekitaldi batean eta Estatu guztirako ?finantzazio sistema autonomiko bakarra? eskatu du.
?Abertzaleen eztabaidak albo batean utzita, espainiar guztiok batera aldarrikatu beharko genuke kutxa komun bat nahi dugula Espainian, Osasuna eta Hezkuntza autonomia guztietan berdintasunean bermatu ahal izateko?, azpimarratu du Riverak.
?Kataluniatik nator eta, beraz, ezin hobeto dakit zenbat urte daramatzaten kupoa eta kontzertua euskal herritarren eskubideak bermatzeko direla esaten; baina Alemaniakoak bezalako sistema federal batekin ere euskal herritarren eskubideak bermatuta egongo lirateke?, azaldu Bilboko hotel batean egindako ekitaldian.