Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Eibar, Muskiz eta Zumaia eremu gorritik irten dira; Aretxabaleta bertan sartu da
Gainera, Balmaseda, Basauri, Markina-Xemein eta Zalla horiz margotuta ageri dira gaurtik aurrera, datuak hobetu ostean.
A. S. | EITB Media
Covid-19aren intzidentzia arinduz doa egunez egun Euskadin, eta hori covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoan ere nabari da. Azken orduetan, Eibarrek, Muskizek eta Zumaiak eremu gorria atzean uztea lortu dute. Aretxabaletan, ordea, egoerak okerrera egin du eta gorri ageri da Gipuzkoako udalerria.
Atzo 643 positibo berri hauteman zituzten EAEn, bezperan baino 138 gehiago. Ospitaleko presioa, baina, arindu egin da zainketa intentsiboetako unitateetan (78 gaixo daude ZIUetan, astelehenean baino bat gutxiago) eta ohe arruntetan (238 gaixo, aurreko egunean baino sei gutxiago).
Arabak (475 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Amurriok ere.
Agurain eta Laudio horiak dira, eta ez dago udalerririk ez eremu laranjan, ezta berdean ere.
Bizkaia ere (415 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, Bilbo eta beste 14 herrirekin batera: Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gernika-Lumo, Gorliz, Güeñes, Leioa, Lekeitio, Mungia, Ondarroa, Santurtzi, Sestao eta Sopela.
Eremu laranjan, berriz, Abanto, Arrigorriaga, Barakaldo, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Markina-Xemein, Portugalete eta Zornotza daude, eta Muskiz gehitu da azken orduetan zerrendara.
Horian, bestalde, Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua, Ortuella eta Trapagaran daude oraindik. Gaurtik aurrera, gainera, Balmaseda, Basauri, Markina-Xemein eta Zalla gehitu zaizkie.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoa (346 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorritik kanpo dago, baita Donostia hiriburua ere. Dena dela, oraindik 11 udalerrik jarraitzen dute zerrenda gorrian. Hauek dira: Deba, Irun, Lazkao, Legazpi, Mutriku, Oiartzun, Pasaia, Urnieta, Usurbil eta Zumaia, baita Aretxabaletak ere, azken orduetan datuek okerrera egin ostean.
Laranjaz margotuta ageri dira Andoain, Azpeitia, Donostia, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Ordizia, Villabona eta Zarautz. Eibar eta Zumaiak gorritik irtetea lortu dute eta zerrendara gehitu dira. Lezo ere hemen ageri da, baina kasu honetan datuek okerrera egin dutelako eta horitik laranjara igaro delako.
Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Bergara, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Oñati, Orio, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga horian jarraitzen dute.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.