Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Bizkaia eta Bilbo eremu gorritik irten dira
Gainera, Mungiak, Legazpik eta Urnietak ere eremu latzenetik ateratzea lortu dute.
A. S. | EITB Media
Covid-19aren intzidentzia hobera doa pixkanaka EAEn. Azken orduetan Bizkaiak eta Bilbok eremu gorritik irtetea lortu dute, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Gainera, Mungiak, Legazpik eta Hernanik ere.
Euskadik ere atzean utzi du gune gorria. Azken datuen arabera, EAEn metatutako intzidentzia 394 kasukoa da 100.000 biztanleko. Gaixo kritikoen kopurua ere murriztu egin da, 76 pazienteraino.
Arabak (444 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Amurriok ere.
Agurain eta Laudio, berriz, horiak dira, eta ez dago udalerririk ez eremu laranjan, ezta berdean ere.
Bizkaia (399 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorritik irten da, baita Bilbo ere, eta 13 dira eremu honetan jarraitzen duten udalerriak: Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gernika-Lumo, Gorliz, Güeñes, Leioa, Lekeitio, Ondarroa, Santurtzi, Sestao eta Sopela.
Eremu laranjan, berriz, Abanto, Arrigorriaga, Barakaldo, Erandio, Galdakao, Muskiz, Portugalete eta Zornotza daude, eta Mungia eta Bilbo gehitu zaizkie azken orduetan zerrendara, gorritik irten baitira biak. Zallan berriz egoerak okerrera egin du eta ezin izan dio horiari eutsi.
Horian, bestalde,Abadiño, Balmaseda, Basauri, Durango, Elorrio, Ermua, Markina-Xemein, Ortuella eta Trapagaran daude oraindik, eta Etxebarri ere zerrendara gehitu da.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoa (346 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorritik kanpo dago, baita Donostia hiriburua ere. Zortzi dira eremu honetan dauden udalerriak: Deba, Irun, Lazkao, Mutriku, Oiartzun, Pasaia eta Usurbil.
Laranjaz margotuta ageri dira Andoain, Azpeitia, Donostia, Eibar, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Lezo, Ordizia, Villabona eta Zarautz. Egoerak hobera egin du baita ere Urnietan eta Legazpin, eta biak gorritik laranjara igaro dira.
Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Bergara, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Oñati, Orio, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga horian jarraitzen dute. Zumaia ere gehitu zaie, egoerak hobera egin baitu azken orduan.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.