Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hamargarren eguna
Elkarrekin Podemosek EAJren 'bi abiadurako' Euskal Herria kritikatu du
EAJk autogobernuaren defentsa egingo duela hitzeman du, PSE-EEk lehen indarra izateko esperantza du, eta EH Bilduk milioi bat ezkertiar independentisten botoak pilatu nahi ditu Estatu osoan.
Agentziak | Erredakzioa
Lander Martinez Podemos Euskadiren idazkari nagusiak esan du batzuk "aberri" deitzen duten hori "bi abiadurako" Euskal herria dela, "EAJk estaltzen eta ezkutatzen duena" eta "gazte belaunaldi oso batek sinesten ez duena".
"Podemos Euskadik Aberri Egunean ekitaldia eginda ekarpenen bat egiten badu, horixe da, gazteei ahotsa ematea", goraipatu du alderdi morearen buruzagiak Errenterian.
Bizkaiko eta Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuekin batera egin ditu adierazpenok Martinezek, eta gogor jo du jeltzaleen aurka, "Euskadi batzokia legez" kudeatzen dutela leporatzen baitie "elite politiko eta ekonomiko jeltzaleei".
Bere belaunaldiari "esfortzuarekin guztia" lor litekeela "saldu" ziotela uste du, baina gurasoak edo aiton-amonak baino okerrago bizi diren lehena dela gaineratu du. Gainera, "eskuin muturraren, arrazakeriaren eta xenofobiaren gorakadaren" aurrean "harrituta" daudela gogorarazi du.
"Bi abiaduren Euskadin bizi gara. Ez ditugu aukera berdinak jaiotzen garen familia, auzo edo eskualdearen arabera. Gure belaunaldiak badaki EAJren txartela edukitzea abantaila dela lan kontratua eskuratzeko", berretsi du.
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak ohartarazi du jeltzaleak "Estatuaren etorkizun politikoan inplikatzea nahi duenak, euskal autogobernua bermatu eta berritu beharko duela".
Ortuzarrek Aberri Eguneko ekitaldian parte hartu du "Euskadi beste nazioak bezalakoxea" dela eta euskal herritarrek "aberri bakarra" dutela "gogoratzeko eta aldarrikatzeko". Aurtengo jaian Xabier Arzalluz hil berri den buruzagi jeltzaleari egin diote omenaldia.
Hauteskunde orokorretarako kanpainaren baitan, Ortuzarrek esan du euskal autogobernua arriskuan dagoela, eta lehentasuna dela blindatzea: "Hirukiak, hiru eskuindarrak, ez dira autogobernua ez zabaltzeaz ari, bertan behera uzteaz baizik".
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak EAJren estrategia goraipatu du maximalisten aurrean: "Guztiaren edo ezerezaren artean ezerezak irabazten du beti, beraz, maximalismoa minimalismo bihurtzen da". Negazionistak ere kritikatu ditu, "hirukoiztutako mehatxua" direlako: "Ez dute gure errealitate nazionala aitortzen, eta eraikitakoa ostu nahi digute". Azkenik, "atzeratzaile"en aurka jo du: "Atzeratu eta atzeratu egiten dute: agintzeko behar bagaituzte soilik begiratzen dute Euskadira".
"Beste aukera bat badago: EAJ. Balioak eta printzipio sendoak, kultura demokratikoa, gure autogobernuaren berezitasunaren eta gure historiaren aitortza, Euskadiren errealitate nazionalaren aitortza, Estatuarekin berdintasunean hitz egiteko eredu berria, aldebitasuna eta ituna, berme erregimenarekin", gaineratu du lehendakariak.
Patxi Lopez PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak mobilizatzeko deia egin die herritarrei, sozialisten gobernua bermatzeko modu bakarra delakoan, eta EAEn "lehen indarra izateko benetako aukera" dagoela iritzita.
Lehendakari ohiak Santurtzin egindako ekitaldi batean parte hartu, du eta bertaratuei boto-paperen arteko aldea azpimarratu die: "Batek gobernu sozialista bermatzen du zuzenean, eta bestearekin eskuindarrek agin dezakete, muturreko eskuindarren laguntzarekin".
"Euskadin ulertzen ari gara, ez inkestek esaten dutelako bakarrik, kalean ere nabaritzen delako kanpaina egiten dugunean. Benetako aukera dugu Euskadin berriro lehen indarra izateko, eta euskal gizartean lidergoa berreskuratzeko eskuindarren gobernurik nahi ez dutenekin", azaldu du.
Hautagaiak gaineratu duenez, euskal gizarteak "boto-paper sozialistak irekiko duen garai berriaren parte izan nahi du, eta badaki sozialistei botoa ematea dela Pedro Sanchezek duela hamar hilabete ireki zuen bidean aurrera egiteko modu bakarra".
"Gerta dadin lortuko dugu, gure esku dago, botoa da gure boterea eta erabili egingo dugu. Ez dugu ezeren damu izan nahi hauteskunde osteko astelehenean. Igandean ekin egin nahi dugu, eta sozialisten gobernua nahi badugu, har ezazu boto-paper sozialista eta sartu hautetsontzian", eskatu du lehendakariak.
"Asko dugu jokoan hauteskunde hauetan, bozkatu beharra dago", adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduren buruak Aberri Egunko ospakizunean, Iruñean.
Ezkertiar independentistek apirilaren 28an milioi bat boto eskuratzea omen da erronka, "eskuindarrei aurre egiteko, gure herriak defendatzeko eta politika aurrerakoiak egiteko", horrela "olatu feminista, ekologista, independentista eta herrikoia indartzeko".
Hitzaldiaren aurretik, milaka pertsona atera dira Nafarroako hiriburuko kaleetara independentziaren alde, EH Bilduren hautagaiak aurrean zirela eta "Erabaki aurrera egiteko" lelopean.
Buruzagi abertzaleak "berdintasun errepublika bat" eraikitzea eskatu du, "oligarka eta kastarik gabea", "eskuindarrek euren interesak defendatzeko dituzten aberri artifizialen" aurrean.
Ohartarazi du, hala ere, "78ko erregimena krisian, egitura krisian" dagoela. Hori dela eta, ezker independentistak "eskuin muturreko gobernua galarazteko murrua" izan behar duela esan du.
Alfonso Alonso PPren EAEko presidenteak ohartarazi du EAJk Ibarretxe Planera eta Gernikako Estatutua zalantzan jartzeko garaira itzultzeko aukera ikusten duela Pedro Sanchezek Gobernua eskuratzen badu, eta sozialistei tesi nazionalistak hartzea leporatu die.
Alonsok Javier Maroto PPren Antolakuntza idazkariorde eta Arabako zerrendaburua defendatu du, Alderdi Popularra omen delako nazionalismoari aurre egiteko "bermea".
PPren ordezkariaren arabera, EAJk Sanchez behar du Kataluniako independentistekin negoziatzen hasteko, eta Gernikako Estatututik harago joateko.
"EAJk hasi du dagoeneko Gernikako Estatutua eraisteko bidea, gainditutzat dauka. Bizikidetza marko hori pitzatzeko proiektu bat dago", gaitzetsi du.
EAJ Aberri Eguna ospatzen ari den egunean, Alfonso Alonsok Sabino Aranaren oinordekoak direla eta pertsonaia hura "xenofoboa eta arrazista" zela eta "Espainia iraintzen" zuela salatu du.