Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
EH Bilduk uste du 'gehiengoa' ordezkatzen duten hautagaiak eta programa dituela
EAJk hitzeman du Gasteiz kirolaren hiri bihurtuko duela, eta Elkarrekin Podemosek ohartarazi du PSE-EEri botoa ematea "eskuindarrei botoa ematea" dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Ramiro Gonzalez EAJren Arabako ahaldungai nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta alkategaiak hitzeman dute kirol instalazioak hobetuko dituztela eta kirolaren hiri bihurtuko dutela hiriburua, "aisialdirako eta profesionaltasunerako kirol interesgune".
Urtaranek azpimarratu du babes osoa ematen diola Mendizorrotza estadioaren eraldaketari. "Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako finantziazio konpromisoa badugu dagoeneko estadioa eraldatzeko beharrari erantzuteko, eta Udalarena izaten jarrai dezan", azaldu du.
Gasteizek dituen "kirol instalazioak, kirol medikuntzako espezializazio maila altua eta kirol ekitaldien antolaketan duen ibilbidea kalitatezko ekonomia bultzatzeko" erabiltzeko aukera azpimarratu du Urtaranek.
Eibarren egindako ekitaldi batean, berriz, Andoni Ortuzar EAJren presidenteak jarraitzaileei esan die ez sinesteko inkestak, hiru lurraldeetan garaipena ematen dieten arren, "Gipuzkoa atzera egiteko arriskuan, borrokara eta inposaketara itzultzeko arriskuan" dagoela.
"Argi ibili, tentuz hartu inkestak, une baten argazkia baitira. Ez sinetsi, ez zaitezte konfiatu. Ez dute lurraldearen errealitate osoa jasotzen. Gipuzkoako lehia inkestek diotena baino estuagoa izan liteke", ohartarazi du Ortuzarrek.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak esan du koalizioaren programak eta hautagaiek bat egiten dutela "Gipuzkoako gehiengoarekin", eta lurraldeak herritarrek dituzten "nahiak, beharrak eta helburuak" partekatzen dituzten erakundeak behar dituela.
"Horretarako bi gai ezinbestekoak dira: batetik, maiatzaren 26an botoa ematea; eta bestetik, EH Bildu izatea lehenengo indarra. Horrela bakarrik egon ahal izango du akordioen erdigunean", defendatu du Arrasaten egindako ekitaldi batean.
Horren harira, EH Bilduren koordinatzaile nagusiak herritarrei eskatu die babesa emateko Gipuzkoan lehenak izateko eta "udalak berreskuratzeko, Arrasatetik hasita, eta Bergaran jarraituta".
Bestalde, Iruñeko Anaitasunan egindako ekitaldi erraldoi batean, Pernando Barrena Europako bozetarako hautagaiak esan du Europakoak ere "garrantzitsuak" direla "ezker subiranistarentzat", nahiz eta aitortu "egungo Europak" ez duela ordezkatzen eta "aldaketa handiak" behar dituela.
Politikan, "hutsik uzten duzun lekua beste batek hartzen du", adierazi du Barrenak, Bruselan "xenofoboei, eskuin muturrari eta arrazistei" bidea moztera eta nazioarteari autodeterminazioaren eta presoak etxeratzearen alde bultza egitera ere joango dela azpimarratu aurretik.
Lander Martinez Elkarrekin Podemosen idazkari nagusiak esan du PSE-EEri botoa ematea "eskuindarrei botoa ematea" dela udalen eta foru aldundien kasuan, zeren "ezin dira bereizi" EAJrekin gobernuetan itunak egiten dituztenean.
Era berean, Arantxa Abecia Arabako ahaldungai nagusiak esan du "lotsagarria" dela EAJk eta PSE-EEk, Arabako Aldundian agindu duen bitartean, "desberdintasunak areagotu" izana.
Bizkaiko ahaldungai nagusiak, Eneritz de Madariagak, esan du gehiengo soziala ez dela konformatzen "ekitaldi handiek, jai handiek edo azpiegitura erraldoiek uzten dituzten apurrekin, horiek ez dietelako erantzuten gehiengoaren beharrei, baizik eta gutxi batzuen interes ekonomikoari".
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak apirilaren 28ko konfiantza maiatzaren 6ko hauteskundeetako "hiru hautetsontziak berritzeko" aprobetxatzea eskatu du, sozialistek agin dezaten "ahal den erakunde guztietan" eta udal politikak Espainiako Gobernuak sustatuko dituenekin "lerrokatzeko".
Portugaleten egindako ekitaldi batean, Mendiak Europako hauteskundeen garrantzia azpimarratu du, eta esan du sozialistak direla Europa "zatitzera" ez doazen bakarrak, baizik eta "Euskadirenak ere badiren interesak defendatzeko".
Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro eta PSOEren Antolakuntza idazkariak argitu du Miquel Icetarekin Kataluniako Parlamentuak egin duena egin duela, sozialistek elkarrizketaren bidean irmo jarraituko dutela, "ez dagoelako beste tresnarik" lurraldearen "kohesioa eta integrazioa" lortzeko.
Alfonso Alonso PPren EAEko presidenteak esan du Arabako erakundeetan alderdi "erantzunkorra" behar dela, etsitzen ez duena, eta nazionalisten aurrean "makurtzen" ez dena.
Alonsok hauteskunde ekitaldian parte hartu du Gasteizen Iñaki Oyarzabal Arabako ahaldungai nagusiarekin eta Leticia Comeron Gasteizko alkategaiarekin batera, eta esan du EAJk "Game of Thrones" telesaileko "Lannistertarrak" ekartzen diola gogora, "botereari eusteko edonorekin ituna egiteko gai" delako.
"Nahikoa da, Lannistertarrek nahikoa aginte izan dute jada Euskadin, eta edonola agindu nahi dute, edonorekin eta printzipiorik gabe", salatu du.
PPren buruzagiak berretsi du popularrei ez zaiela Jaurlaritzaren zentralismoa gustatzen, eta nazionalistek "ezabatu nahi duten" foru izaera babestu du.
"Ez gara nazionalistak, Euskadi gustatzen zaigu eta Espainia gustatzen zaigu", goraipatu du.