Hauteskunde Orokorrak -

Hauteskunde eztabaida

Alderdien proposamenak aurrez aurre jarri dituzte hautagaiek kanpainako azken txanpan

Pilar Garrido (Elkarrekin Podemos), Aitor Esteban (EAJ), Patxi Lopez (PSE-EE), Oskar Matute (EH Bildu) eta Javier de Andres (PP) errespetuz aritu dira telebistako azken hauteskunde debatean.

Euskal hautagaiak, ETB 2ko hauteskunde debatean / Argazkia: EiTB.
Euskal hautagaiak, ETB 2ko hauteskunde debatean.
Akordioak eta autogobernua hizpide nagusiak, ETBko hausteskunde eztabaidan

1:42

Eriz Lotina | Mikel Dominguez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdietako hautagaiek hitzarmenez eta gobernu koalizioez, Espainiar estatuko lurralde ereduaz eta autogobernuaz, pentsioez, enpleguaz, berdintasunaz eta gizarte politikez aritu dira EiTBn.

Pilar Garridok (Elkarrekin Podemos), Aitor Estebanek (EAJ), Patxi Lopezek (PSE-EE), Oskar Matutek (EH Bildu) eta Javier de Andresek (PP) proposamenak aurkeztu eta alderatu dituzte hauteskunde orokorretako kanpainaren barruan.

Hitzarmenak eta koalizioak

Oso zatituta egongo diren eta inkesten arabera Vox alderdi ultraeskuindarra barnean izango duten Gorte Orokorretarako hauteskundeen osteko akordioez eta gobernu koalizioez hitz egin dute eztabaidaren lehenengo blokean.

Hautagai jeltzaleak esan duenez, ez du "Voxekin hitzegiteko ezer", eta ohartarazi du PSOE eta Ciudadanosen artean itun bat egon daitekeela. 2013an ez zuten babestu "autogobernuaren eskumenak urratzen zituelako". EAJk "egonkortasun instituzionala" bilatuko du, "euskal agendaren" lehentasunarekin. Hori izan zen Mariano Rajoy Espainiako Gobernutik botatzeko arrazoia. Hautagai popularraren kritiken aurrean, Estebanek "EAJ (Gurtelen) epaiarekin kontsekuentea" izan zela erantzun du, "euskal gizartean bonba bat bezala erori zelako".

Eztabaida "norekin" hitzartzearen inguruan izan beharrean, "zertarako" galderari erantzuteko izatea eskatu du Lopezek. Gogoratu duenez, sozialistak "Espainiaren etsaiak" direla dio Albert Riverak, eta PSOEk nahi duena "kolore bakarreko eta baldintzapenik gabeko gobernu sozialista" bat da. Horregatik, nahiago du itunei buruz ez hitz egitea.

Garridok, aldiz, "koldartzat" hartu du PSOE, eta "motxila handi bat" duela esan du, "eliteen interesen mendekoa delako". Elkarrekin Podemoseko hautagaiak bere koalizioak gobernuan egon nahi duela esan du, Sanchezi oposiziotik "neurri sozialak ateratzen" egon ondoren.

Matuterentzat, ordea, ez da beharrezkoa EH Bildu gobernuan egotea, eskuina "doan" botako dutelako, eta "gobernua jendearen arduren gainean egotea" eskatu du. Koalizio abertzalearen lehentasuna "klase popularren interesak defendatzea da edozein motatako eskuinen aurrean, inboluzioari aurre egiteko".

De Andresen arabera, PPren alternatiba PSOE eta "zazpi ezkerren" arteko hitzarmena da. Horietako batzuk, esan duenez, ez dira egon Espainiaren "eraikuntza positiboan". Hautagai popularraren arabera, sozialistek "ez dute ukatu Bildurekin itunduko dutenik". Hori, De Andresentzat, lehenago ere egin dute.

Matutek ukatu egin du: "Ez dugu PSOErekin ezer hitzartu; agian ondo etorriko litzaizueke". Lopezek, gainera, De Andresi erantzun dio PP "Voxekin hiruko akordioa lortzea eta 40 urte atzera joatea" bilatzen ari dela.

Lurralde eredua eta autogobernua

Garridoren hitzetan, Podemosek "Espainia Estatu plurinazional bezala ulertu izan du beti". Horregatik, "erkidegoen Estatua egun irtenbiderik gabeko bidean egotea", kritikatu du. Gainera, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren inguruan emandako epaiak autonomien Estatuaren "flotazio-marra hautsi" zuela uste du koalizio moreko hautagaiak.

"Noizean behin, legalitateari baino zilegitasun demokratikoari gehiago begiratzeko" eskatu dio koalizio moreko hautagaiak PSOEri; izan ere, aurrenak "sufrimendua eta preso politikoak" soilik eragin ditu Katalunian.

"Autogobernua arriskuan dago", ohartarazi du Estebanek. Hautagai jeltzalearen ahotan, "kosta ahala kosta defendatzea" beharrezkoa da. "Euskal gizartea eta Katalunia errealitate nazionalak dira", azpimarratu du. Horregatik, "aitortza nazionala, aldebikotasuna eta epaile neutral bat" eskatu ditu, "egun Auzitegi Konstituzionala ez delako epaile neutrala ".

"Katalunia zein Euskadi ez dira beste erkidego bat", errepikatu du. "Orain, Estatua inposatzen ari da: ez dago euskal naziorik, baina nik baietz diot", nabarmendu du.

"Birzentralizazioa eta erkidegoekin amaitu nahi dutenen, edo independentzia bilatzen dutenen aurrean, sozialistek autogobernuaren aldeko apustua egiten dugu, hurbilekoaren kudeaketa delako, eta ondorioz, gehiago asmatzea dakarrelako", defendatu du Lopezek. "Autogobernua aniztasunaren kudeaketa da", gogorarazi du hautagai sozialistak.

"Gernikako Estatutua garatzen denean bloke konstituzionala garatzen ari dira", esan dio sozialistak PPri. "Erkidegoen Espainia arrakasta baten historia da, baina hobetzea beharrezkoa, gauza batzuek kirrinka egiten dutelako", onartu du.

Bestalde, "bi pantaila gainditzea" beharrezkoa dela uste du Oskar Matutek; alde batetik, "autogobernuari mehatxua", eta bestetik, "erabakitzeko eskubidearen jazarpena". "Eskumenekin zekenkerian ibiltzearekin eta Konstituzionalaren aurrean helegiteak aurkeztearekin nazkatuta gaude", adierazi du. "Estatuaren errezeta bakarra errepresioa da", salatu du.

"Transferitzeke dauden eskumen guztiak eskatzeko akordio bat adosteko prest gaude, autogobernu lantaldean egin bezala", proposatu du.

"Espainiako Estatuan botoa ematea delitu izateak harritzen nau, botoa eragoztea delitu izan beharrean", esan du proces auziari erreferentzia eginez.

"Ezberdin direnak berdin tratatzea bidegabekeria da", adierazi du Matutek. "Elkarbizitza ezin da inposatu", ohartarazi du. Zentzu horretan, "Espainiako Estatuak ezin du gatazka politiko bati erantzun ez politikoa ematen jarraitu", azaldu du.

Javier de Andresen esanetan, Alderdi Popularrak "Autonomia Estatutuan eta foruetan sinesten du, ez du tentsioan sinesten, ez EAJk EH Bildurekin adostu bezala euskal herritarrak bi kategoriatan bereizten".

"PSOE EAJren teoria onartzen ari da. Sozialistak estatuaren eskumen esklusiboak negoziatzeko prest daude, Euskaditik espainiar itxura duen guztia ezabatzeko", salatu du PPko hautagaiak. "Zatitzeko eskubidean sinesten duzue", aurpegiratu die aurkari politikoei.

"Abertzaleek planteatzen duten eredua gaindituta dago", azpimarratu du.

Pentsioak eta enplegua

Legealdi honetan kaleak hartu dituzten pentsiodunen aldarrikapenak eta enplegu politikak debateko hirugarren zatiko protagonistak izan dira.

EH Bilduko hautagaiaren arabera, "badago dirua" pentsioak ordaintzeko, "baina betikoen poltsikoetara doa". Halaber, bankuek erreskatearen "% 8 baino itzuli ez dutela" deitoratu du , hipoteka bat kontratatuta dutenek ezin dutenean gauza bera egin.

Elkarrekin Podemoseko hautagaia bat dator Matuterekin, "arazoa ez da dirua". Uste du "eredu desberdin baterantz" mugitu behar garela, "lan erreforma bertan behera utzita" eta "kontratuetan egonkortasuna" bilatuta. Pentsioak oinarrizko eskubide bat bezala bermatzearen aldekoa da.

Hautagai popularraren arabera, pentsioak eta lana "PPren lehentasunak dira". "Enplegua sortzen bada, PPk gobernatzen duelako da, eta PSOEk gobernatzen badu, suntsitu egiten da", esan du De Andresek. Hautagai sozialistak lanari buruzko datuen inguruan gezurretan aritzea leporatu dio. Esan duenez, Javier Marotok kanpainan ezarritako estrategia da hori.

Estebanentzat, orain dela urte bat "pentsiodunen aldarrikapenak lortu zituen" alderdia EAJ izan zen, eta gai horren inguruko eskumenak EAEren esku geratzea eskatu du, "gertutasunak kudeaketa ona bermatuko lukeelako". De Andresen arabera, ordea, "euskal herritarrek Espainiako batez bestekoa baino gehiago kobratzen dute, eta gutxiago ematen; beraz, Gizarte Segurantzaren sistema" ona da EAErentzat. Hautagai popularrak erantzun dio Euskadi "Espainiaren aberastasunaren % 7,5 izatetik % 6 izatera igaro dela", eta Eusko Jaurlaritzari "kudeaketa on hori azaltzeko" eskatu dio.

Matuterentzat, "lan merkatua bidegabea da", eta emakumeak eta gazteak "bereziki kolpatzen ditu". Hautagai abertzalea "erabaki drastikoen" alde dago: lan erreforma bertan behera uztea eta "lan harremanen euskal esparrua" osatzea. Esteban ados agertu da horrekin.

Hautagai abertzaleak "finantzaketa elementuak bilatzea" eskatu du, osasunarekin eta hezkuntzarekin egiten den bezala. Elkarrekin Podemoseko hautagaia ere bat dator zergak bezalako "beste ekarpenak" bilatzearen ideiarekin.

De Andresek erantzun duenez, "denak daude ados arazoa herritarrei zergak igotzen konpontzen dela esatean". Matutek"zerbait konfiskatu bada, langileen dirua izan da, ustelduen eta bankuen eskuetara joan dadin", ihardetsi dio.

Eredu ekonomikoari dagokionez, Estebanek "ekonomia produktiboaren" garrantzia azpimarratu du, industria oinarrian duela. Jeltzalearentzat, "premiazkoa" da soldatak igotzea. Matute bat dator Estebanekin, uste baitu "industriarik gabeko herrialde bat etorkizunik gabeko herrialdea" dela, eta La Navaleko "adibidea" jarri du. Beharrezkoa ikusten du "estatuaren esku hartzea, erosketaren bidez, sektore estrategiko" bat mantentzeko.

Lopezek, ordea, EH Bilduren iritzia "demagogiatzat" hartu du, eta esan du Espainiako Gobernua zein Eusko Jaurlaritza "etorkizuna duen inbertitzaile pribatu baten bila daudela". "Bestea", hau da, Estatuak erostea, "legez kontrakoa" da Europar Batasunarentzat. "Ez altxatu gero frustrazioa sortuko duen banderarik", esan die Matute eta Garridori.

Sanchezen gobernuak proposatutako dieselaren gaineko zerga ere bosten arteko eztabaidan sartu da. De Andresek "arriskuaz" ohartarazi du, automobilgintza sektorean eragingo omen duen lanpostuen galeragatik. Estebanek mota horretako neurri bat "trantsizio ekologiko plan bat definitu gabe egitea" kritikatu du.

Hautagai sozialistak azaldu duenez, "ez da dieselari zerga bat jartzea, baizik eta daukan hobaria ez izatea". "Lidergoan jartzeko baliatu beharko genukeena gure industrian ikatzaren pisua murrizteko Europako estrategia da" geitu du. 

Berdintasuna eta gizarte politikak

Familia Ministerio bat sortzea proposatu du De Andresek, biztanleriaren zaharkitzeari aurre egiteko. Gainera, "diru-laguntzetan abusuak saihesteko lege bat" beharrezkoa ikusten du PPko hautagaiak.

Diru-laguntzak etorkinak erakartzen ari direla ohartarazi du PPko politikariak. "Etorkinak Euskadira datoz, nahiz eta hemen langabezia handia izan kolektibo horren baitan", erantsi du. "EAEko diru-laguntzen legea penagarria da", kritikatu du.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, "esanguratsuena gertakariak onartzea da. Indarkeria matxista hora dago eta bere aurka borroka egin behar dugu, baina gizon guztiak kriminalizatu gabe", adierazi du.

Garridoren hitzetan, "Ongizate Estatua berriz pentsatzea funtsezko erronketako bat da". "Eredu soziekonomiko berri batera igarotzea beharrezkoa da", erantsi du.

"Indarkeria matxistaz pluralean" hitz egin behar dela uste du Elkarrekin Podemoseko hautagaiak, "ez delako zerbait puntuala, indarkeria sistemikoa baizik".

"Neurri askotan atzera egiteko arriskua dago", ohartarazi du Aitor Estebanek. Diru-sarrerak bermatzeko errenta defendatu du EAJko hautagaiak, "gaizki pasatu duten pertsona askori lagundu dielako".

"PPk gai horiekin demagogia egitea" kritikatu du Estebanek, "ez baitu ekimen bakar bat ere aurkeztu legea aldatzeko". Azken urteetan diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kopuruak behera egin duela gogorarazi du jeltzaleak. "Immigrazioarekin egin behar dena, pertsona horiek gizartean barneratzea da", esan du.

Ongizate Estatua sendotzearen eta berreskuratzearen aldeko apustua egin du Patxi Lopezek, "PPren politikek ahuldu dutelako". "Herri bat ez dute banderan biltzen diren bozeramaileek definitzen", erantsi du.

"Etorkinen kopurua Euskadin gainerako erkidegoetan baino askoz txikiagoa da", gogorarazi du. “Bizitza duin baten bila datozenak kriminalizatzeari uzteko", eskatu dio PPri.

"Nor ari da gizon guztiak kriminalizatzen?", galdetu dio Lopezek De Andresi. "Estatu itun bat dago, baina ekonomikoki lagundu beharra dago", aldarrikatu du sozialistak.

Feminismoaren ikuspuntua barneratzea "funtsezkoa" ikusten du EH Bilduk; izan ere, lau kontratu prekariotik hiru emakumeenak dira. "Ezkutatu nahi den errealitate bat da", salatu du Matutek.

"Ezin daitezke manada gehiago egon gure bizitzetan", adierazi du. Gainera, Espainiako Justiziaren "korapilo judiziala" kritikatu du Matutek, eta "indarkeria matxista babesten duten epaileak baztertzea" eskatu du.

Azkenik, immigrazioari dagokionez, De Andresen adierazpenak kritikatu ditu EH Bilduko hautagaiak. "Gure arazoa ez da immigrazioa, gazteen emigrazioa baizik", erantzun dio PPko politikariari. "Diru-laguntzetako iruzurrak ez du % 1a gainditzen", ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Europako hauteskundeak Hauteskunde orokorrak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Hauteskunde Orokorrak Emaitzak