Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
EAJk Gipuzkoan 'atzera egiteko eta zatiketara jotzeko mehatxu larria'z ohartarazi du
"Herri asko berreskuratzea" da EH Bilduren helburuetako bat, Elkarrekin Podemosek politika feministak aldarrikatu ditu, eta PSE-EEk esan du bera dela EAJren alternatiba.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi du Gipuzkoan "atzera egiteko eta zatiketara jotzeko mehatxu larria" dagoela, eta horren aurrean EAJren "errealismoaren eta arduraren" alde egin du. Gazteen botoa eskatu du, abstentzioa kaltegarri dela adieraziz. Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako buruak EH Bilduri leporatu dio EAJren "proiektu tuneatua" izatea, "imitazioaren bidez" bere lekua hartu nahi duelakoan. "Ez dago EAJren alternatibarik", azpimarratu du.
Bergaran egindako ekitaldi politiko batean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldungai nagusia ere bertan zela, lehendakariak azaldu du hauteskunde deialdiek "botoekin erantzuteko" galderak planteatzen dituztela.
"Hautatzea planteatzen digute: garrantzitsuena edo gehigarria. Hori da kontua. Azken 40 urteotan Eusko Alderdi Jeltzaleak arreta garrantzitsuenean jartzen eta gehigarriarekin denborarik ez galtzen jakin du", adierazi du.
Urkulluren arabera, EAJren "erronka erreferente izatea da", eta "aldaketak pausoz pauso egiten dira, herriz herri, lurraldez lurralde, hemen, Euskadi osoan". "Printzipio sendoekin, elkarrizketarekin eta akordioekin", gaineratu du.
Lehendakariak "gizarte orekatua, funtzionatzen duena, autogogobetetasunean geratzen ez dena eta hobetzeko nahi etengabea duena sustatzearen" garrantzia azpimarratu du, hori omen baita EAJren "ideologia soziala".
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaileak espero du 300.000tik gora boto jasoko dituztela maiatzaren 26ko hauteskundeetan, eta koalizioa izango dela nagusi zinegotzi kopuruan EAEn.
Otegik Donostian egindako ekitaldi politiko batean parte hartu du, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusia eta Reyes Carrere Donostiako alkategaia alboan zituela.
Europako bozetan Orain Errepublikak hautagaitzak (ERCrekin eta BNGrekin batera) milioi batetik gora boto eskuratzea ere espero duela esan du.
"Herri asko berreskuratu behar ditugu, Nafarroan aldaketari eutsi, eta Gipuzkoan eta Gasteizen irabazi beharra daukagu. Horiek dira gure erronkak", azaldu du.
Otegik esan du, beste aukera abertzale batzuek ez bezala, EH Bilduk argi eta garbi defendatzen duela independentzia, nahiz eta "esaten duten independentzia prozesuak borroka ekarriko duela eta abentura izango litzatekeela".
Bilbon egindako ekitaldi batean, Eukene Arana Elkarrekin Podemosen legebiltzarkideak azpimarratu du ez direla "asetzen" EAJren Jaurlaritzak "PSE-EEren makuluarekin" onartzen dituen neurriekin, "baliabiderik gabe neurriak saltzen" dituztelako; eta gaineratu du ez dituztela "berdintasun politikak nahi, baizik eta feministak".
Eneritz Madariaga Bizkaiko ahaldungai nagusiak salatu du baliabide gabezia horren ondorioz indarkeria matxistaren biktimek ezin izaten diotela egoerari aurre egin. Horregatik, emakume horientzat "bizitza bermatzeko diru-laguntza" ezartzea proposatu du, gutxieneko soldataren parekoa izango litzatekeena, eta urte erdirako gutxienez.
Ana Viñals Bilboko alkategaiak maiatzaren 26an "hautetsontziak kolore morez betetzeko" deia egin die emakumeei, iritzi diolako ezin duela EAJ-PSEren udal gobernuak "beste lau urtez politika feministarik gabe jarraitu".
Carmen Muñoz Udalerako hautagaiak, berriz, "Politika Feministen saila" eratzea proposatu du, eta kritikatu du Juan Mari Aburto EAJren alkategaiak politika horiek "bizikidetzarekin, lankidetzarekin eta jaiekin batera" dituela gordeta.
Europako hauteskundeetarako Unidas Podemosen zerrendaburuak, Maria Eugenia Rodriguez Palopek, salatu du "trifalikoak" (PP, Ciudadanos eta Vox) jaio ez direnen eskubideak defendatzen dituela, eta jaiotzen direnean ez zaizkiela "axola".
Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren presidenteordeak azpimarratu du PSOEk "indar propioarekin" iritsi nahi duela agintera, "espainiarrek nahi izan duten" proiektuarekin, "jarrera sozialistak barne hartzen duen politika egiteko moduarekin, mundu guztia errespetatzen".
Donostian egindako ekitaldian, eta PPren presidenteak Ciudadanosen balizko abstentzio batek Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetuko lukeela adierazi izanaren harira, presidenteordeak erantzun du Casadok nahikoa duela "bere buruarekin", bere alderdia "hondamendira" eraman ostean.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak, bestalde, esan du bere alderdia "EAJren zehaztasun faltaren alternatiba argia" dela, "kontsulta independentisten eta Europaren zatiketaren alde" egiten duelako "lasaitasuna eskaintzen duen bitartean".
"Ekitaldi berean entzun dugu EAJ egonkortasuna eta kontsulta independentistak defendatzen. Ekitaldi berean entzun dugu Europaren eraikuntzaren oinarria kontsulta subiranistak direla. Baina, EAJk zer nahi du bozkatzea astebete barru? Egonkortasuna edo borroka? Haustura edo bizikidetza?", galdetu du.
PSE-EEren idazkari nagusiak azpimarratu du sozialistek ez dutela "inor engainatuko", eta ez dutela nahi "udalak izatea kontsulta independentisten iturri, eta Europako Parlamentua proposamen independentisten eremu".
Amaya Fernandez PPren Bizkaiko ahaldungai nagusiak proposatu du "Guggenheim efektuak" Bilbori egin ziona "zabaltzea", eta nazioarteko izaera izango lukeen museo proiektu bat garatzea Barakaldon, "modernoa eta kosmopolita", industriaren desagerpena "konpensatzeko".
Fernandezek Barakaldon bertan egin ditu adierazpenok, hauteskunde-kanpainaren ekitaldi batean, Zoe Nubla Europako Parlamentuko hautagaiarekin eta Victor Rodriguez alkategaiarekin batera.
Fernandezek kritikatu du EAJ eta PSE-EE kanpaina "lokartzeko" lanean ari direla eta, hori lortzeko, Unai Rementeriak ez duela hauteskunde eztabaidetan parte hartzen.
Lurraldea pairatzen ari den "kudeaketa defizita" gaitzetsi ostean, salatu du "Unai Rementeria eta Teresa Laespada kudeaketa onaz harro" daudela, Bizkaiko, Bilboko eta Ezkerraldeko langabezia tasari jaramon egin gabe.
"Rementeriak ez du aprobetxatu PPk sustatu zuen lanpostu sorkuntza olatua", azpimarratu du Fernandezek; Aldundia, horregatik baino gehiago, "errugbi partiduak eta kontzertuak antolatzeagatik" dela ezagun gaineratu aurretik. "Aldundia oso garesti ateratzen zaigu asko eman arren oso gutxi jasotzen dugun bizkaitarroi", azaldu du.